Bolivia
(Izen ofiziala, Boliviako Errepublika). Hego Ameriketako errepublika. 1.098.581 km2 eta 10.027.644 biztanle (2006, boliviarrak). Mugak: ipar eta ekialdean Brasil, mendebaldean Peru eta Txile, hego-ekialdean Paraguai, eta hegoaldean Argentina. Gizatalde nagusiak: indiar aimarak eta kitxuak (% 55; % 85 baino gehiago Andeetako mendialdean). Hiriburuak: Sucre (administrazio hiriburua) eta La Paz (gobernuaren egoitza). Hiri nagusiak: Camiri, Cochabamba, Oruro, Potosi, Santa Cruz. Hizkuntza ofizialak: gaztelania eta indiarren hizkuntzak (aimara eta kitxua). Dirua: bolivianoa. Erlijioa: katolikoa. ■ Boliviak 1825ean hautsi zuen Espainiarekiko zuen mendekotasuna. Harrezkero, estatu kolpeak, gudarosteak herritarren eta meatzarien kontra egindako sarraskiak, politika eta buruzagi aldaketa etengabeak eta inguruko herrialdeen kontrako gerrak izan dira Boliviako historiaren ezaugarri nagusiak. V. Paz Estenssororen agintaldi zibilean (1952-1964) meak nazionalizatu eta nekazaritzako erreforma bideratu ziren, eta agintaldi haren ondoren militarren esku gelditu zen gobernua, harik eta 1982an berriro zibilek irabazi zuten arte (H. Siles Zuazo, 1982-1985; V. Paz Estenssoro, 1985-1989; J. Paz Zamora, 1989-1993; G. Sánchez de Lozada, 1993-1997). Dena dela, harrezkero agintean izan direnek arazo larriak izan dituzte pobreziari, gizarte egoera nahasiari, grebei eta droga trafikoari aurre egiteko. Gaur egungo kezka nagusiak atzerriko inbertsiorik eza, hezkuntza sistema indartzea, pribatizazio programaren jarraipena, ustelkeriaren kontrako kanpaina eta legegintzaren eraberritzea dira. ■ Biztanleak. Boliviako biztanle gehienak indiarrak dira (% 55 inguru); mestizoek % 30 osatzen dute, eta gainerakoak zuriak dira. Oso biztanle dentsitate apala du, eta oro har, biztanleria nahiko gaztea da. Hiriguneetan pilatzen dira biztanle gehienak; horren ondorioz, lan merkatuak ezin izan ditu nekarazi inguruetatik hirietara emigraturiko langile gazteak hartu, eta langabezia handia dago (% 24,5, 1990ean). Azken urteetan ahalegin handiak egin dira haurrak eta gazteak alfabetatzeko (1995ean % 17ko analfabetismoa zegoen), eta azken urteetan aurreramendu handiak egin dira alor horretan. ■ Ekonomia. Latinoamerikako herrialderik atzeratuenetakoa da Bolivia, eta Ameriketako barne produktu gordin apalenetakoa du (23,4 bilioi dolar 1998an). 1970eko hamarraldiaren amaieraz gero izugarrizko inflazio igoera jasan zuen, eta egora horri aurre egiteko neurriek ezaugarritu dute Boliviako politika ekonomikoa. Horrela, 1980tik aurrera gobernuek ekonomia politika berria eraman dute aurrera, eta 1993an inflazioa egonkortzea lortu zuten (urteko % 8-12ko inflazioa), enpresa ugari, meagintzakoak batez ere, pribatizatuz besteak beste. Paz Estenssoro (1985-89) hasi zen inflazioa murrizteko neurriak hartzen, eta haren ondorengo Jaime Paz Zamorak (1989-93) merkatu libreko ekonomia bultzatu zuen, nahiz eta bere alderdiaren eta langileriaren eta gizartearen presioari aurre egin behar izan zion. Sánchez de Losada presidenteak (1993-1997) merkatu ekonomian berrikuntzak egin zituen eta emaitza onak izan zituen: besteak beste, hitzarmenak sinatu zituen Mexikorekin eta hegoaldeko herrialdeen merkataritza elkartearekin (Mercosur), eta hegazkin, telefono, burdinbide, argi indar eta erregai konpainia nazionalak pribatizatu zituen. Bestalde, Hugo Banzer Suárezek, gaur egungo lehendakariak, ustelkeriaren kontrako kanpaina bat antolatu du inbertsioak erakartzeko asmoz, eta Brasilera gas bide bat eraiki delarik, ingurune hartako energia salmentaren gune izateko itxaropena du Boliviak. ■ Jarduera ekonomikoei dagokienez, hirietako biztanleria aktiboaren % 69 ekonomia arautugabean ari da lanean, eta biztanleria guztiaren bi heren inguru bizi da, zuzenean edo zeharka, kokaren kulturak eta droga trafikoak ematen dituen irabazietatik. Kokainaren ekoizpena da, izan ere, Boliviako ekonomia jarduera nagusia. Dena dela, behera egiten ari da koka hostoaren ekoizpena (1997an % 3 jaitsi zen aurreko urteko kopuruei buruz). Koka lantzen den lurretatik 12.000 hektarea lantzen dira legez kanpo, eta legez kanpoko koka ekoizpena murrizteko laboreak lantzeko programa alternatiboak antolatu dira, besteak beste. Azken urteetan, koka ekoizleen sindikatuek onartu egin dute koka ekoizpena murriztea, Estatu Batuek Boliviari droga trafikoaren kontrako laguntza ematearen truke eskatzen zuten neurria baitzen hori. Nekazaritzak langileria aktiboaren ia erdia hartzen du, eta barne produktu gordinaren % 16 inguru, baina oso metodo zaharkituak erabiltzen dira; kafea, kotoia, azukrea, patata eta, batez ere, koka (munduko koka ekoizle handienetakoa da, Peruren eta Konbiaren ondotik) dira gehien lantzen diren gaiak. Bestalde, Boliviak petrolio eta gas natural asko du, eta baita zink eta zilar asko ere; gai horien esportazioek hartzen dute legezko esportazioen % 75. Dena dela, bertako aberastasunak ez dira behar bezala ustiatzen; garraioak ez baitaude oso aurreratuak, arazoak dituzte salgaiak garraiatzeko. Industria ere atzera samar dago; barne produktu gordinaren % 16 inguru hartzen du, eta kontsumorako ondasun galkorrak dira gai nagusiak (elikagaiak, edariak, tabakoa eta ehungintza). ■ Gobernua eta administrazioa. Boliviak errepublika presidentzialista erako erregimena du; aginpide betearazlea lehendakariaren esku dago, eta legegilea, berriz, senatuaz eta diputatuen ganberaz osaturiko legebiltzar baten esku. Boliviako lurraldea bederatzi departamendutan dago banatuta: Beni, Chuquisaca, Cochabamba, Oruro, Pando, La Paz, Potosi, Santa Cruz eta Tarija. Departamenduetako agintariak prefektuak dira, eta gobernuren ardura da kargu politiko horiek aukeratzea, besteak beste. Gaur egun indarrean den konstituzioa 1967an onartu zen, baina 1994an eta 2004an berrikusi zen; 2008an konstituzio berri bat idatzi zen, eta 2009ko urtarrilean onartu da erreferendumean. ■ Historia. Azken urteak. 1989ko abuztuan Hugo Banzer eskuindarrak (ADN) lehendakaritzako hauteskundeetarako Paz Zamora sozial-demokrataren MIR (Ezker Iraultzailaren Mugimendua) alderdiarekin bat egitea erabaki zuen. Acuerdo Patriótico hitzarmena izenpetu zuten bien artean, eta Paz Zamora hautatu zuten lehendakari. Lehendakari berriak aurreko gobernuaren politika neoliberal berari jarraitu zion, ordea. Ekonomiak onera egin zuen, pribatizazioetan oinarrituriko politika ekonomikoari esker batez ere, baina politika hark ondorio larriak izan zituen gizartean, meatzarien artean bereziki. 1993an, berriz, Gonzalo Sánchez de Lozadaren esku gelditu zen lehendakaritza (Mugimendu Abertzaile Iraultzailea, MNR), hirugarren aldiz, eta Victor Hugo Cárdenas buruzagi aimara izendatu zuten Lehen Ministro. Hauteskunde haietan gainbehera etorri ziren ADN eta MIR alderdiak, eta mugimendu populista eta abertzale berriak indartu ziren. Pribatizazio plangintzak antolatu ziren, administrazioa deszentralizatu zen eta konstituzioa eraberritu zen (lehendakari kargua 5 urtez behin hautatzea, eta ez 4 urtez behin, eta aginpide betearazlea kontzentratzea). 1997ko hauteskundeetan, berriz, ADNko H. Banzer Suárezek irabazi zuen, baina alde txikia atera zien gainerako hautagaiei, eta bera izendatu zuten arren, elkarrizketa luzeak behar izan ziren gobernu berria osatzeko. Koka ekoizleen kontrako neurriak hartuko zituela eta ekonomia politika liberala jarraituko zuela agindu zuen, besteak beste, Banzerrek, baina eztabaida eta adostasuna bilatuz betiere. Gobernu berriak, dena dela, gizarte krisi larri bati aurre egin behar izan zion 1998aren hasieran, enpresa nazionalak pribatizatzearen truke Sánchez Losadaren agintaldian 65 urtetik gorako herritarrentzat agindutako erretiro moduko laguntza bat ordaintzeari utzi ziola-eta. Banzer bere agintaldia bukatu baino lehen hil zen, eta, geroztik, hainbat lehendakari izan ditu Boliviak, baina kale-istilu ugarien eraginez ez dute askorik iraun agintean. 2006an, Evo Morales lehendakaria hautatu zuten lehendakari, gehiengo absolutuz, jatorri indigenako lehenengo lendakaria, alegia, eta XXI. urtearen hasierako protesta sozialen gidarietako bat. Moralesen ezkerreko gobernuak aldaketa handiak ekarri ditu Boliviara: hidrokarburoak nazionalizatu; nekazari behartsuei lurrak banatu, latifundioak nazionalizatzeko egitasmo zabalago baten barruan; eta konstituzio indigenista berri bat abian jarri, baina konstituzio berriko autonomia erregionalen auziak istilu handiak eta oposizio gogorra sortu ditu, Santa Cruz probintzian, batez ere.
http://www.bolivia.gov.bo/