Bolger, James Brendan
Zeelandaberritar politikaria (Opunake, 1935). Irlandar etorkinen semea zen, eta erlijio katolikoan hezi zen. Familiaren nekazaritza eta abeltzaintza enpresetako administrazioan parte hartu zuen. 1966an politikan sartu zen, nekazari eta abeltzainen korporazioko kideen interesen defentsan, eta handik, joera liberal-kontserbadoreko Alderdi Nazionalera pasatu zen. 1972an Parlamentuan diputatu aulkia lortu zuen. Robert Muldoon-en gobernuan parte hartu zuen, 1977 eta 1984 bitartean, laboristek kontserbadoreak gobernutik bota zituzten arte. Handik aurrera, bere alderdiaren gidaritza hartzen saiatu zen Bolger, baina ez zuen lortu, 1986an Muldoonek erretiroa hartu zuen arte. 1990ean Alderdi Nazionalak hauteskundeak irabazi zituenean, Lehen Ministro izatera iritsi zen, eta nekazaritzaren aldeko jarreraz gainera, Estatu Batuekiko hurbilpen politika bultzatu zuen berehala. 1992an Frantziako Gobernuarekiko erlazio diplomatikoak konpontzen saiatu zen, 1985az geroztik hondaturik baitzeuden, frantsesek Zeelanda Berriko uretan Rainbow Warrior ontzi ekologistaren aurka egindako erasoa zela-eta.
- bolero
- Boleslav
- Boleslaw
- Bolét, Jorge
- boletin*
- Bolger, James Brendan
- boli
- Bolibar
- boligrafo
- Boli Kosta
- bolikostar