Boli Kosta
Afrikako mendebaleko estatua, Gineako Golkoaren ipar-mendebalean, Ozeano Atlantikoaren ertzean. Mugak: iparraldean Mali eta Burkina Faso, ekialdean Ghana, mendebalean Liberia eta Ginea, eta hegoaldean Ozeano Atlantikoa. 322.463 km2 eta 17.298.040 biztanle (2005). Hiriburua: Yamusukro. Hiri nagusiak: Abidjan, Buake eta Man. Hizkuntzak: frantsesa (ofiziala), mandingoa, baulea eta hausa. v Orografia. Itsasertza apala eta hareatsua da; barrualdeko goi-ordokia baso hertsiz eta sabanez estalita dago. Hiru ibai nagusik zeharkatzen dute Boli Kosta: Sassandra, Bandama eta Comoe. v Ekonomia. Ekonomia jarduera nagusia nekazaritza bada ere (kakaoa, kafea, bananak, kotoia, kokoa, arroza, artoa, manioka, pinaburuak) azken urteotan industriaren hazkunde handia izan du atzerriko inbertsioei esker. Turismoa eta arrantza indar handia hartzen ari dira. Diamante ekoizpena murrizten ari da, baina burdin eta tantalio meatze berriak aurkitu dituzte. Estatuaren erdialdean dagoen Kassou aintzirak lurralde zabala bustitzeko aukera ematen du. Industria gehiena Abidjan hirian biltzen da. Boli Kosta Afrikako estatuetan frantses kolonia izan direnen artean aberatsenetakoa da. v Historia. XVI. mendean portugaldarrek aurkitu zuten, eta Frantziaren kolonia bihurtu zen 1893. urtean. Erabateko burujabetza 1960. urteko abuztuan lortu zuen. Felix Houphouët izendatu zuten errepublika berriko lehendakari, eta bera hautatu berriz ere 1965, 1970, 1975, 1980, 1985 eta 1990. urteetako hauteskundeetan. Felix Houphouët 1993an hil zen, eta Henri Konan Bédié izan zen lehendakaria, eta egonkortasun politiko eta garapen ekonomiko handikoa izan zen haren agintaldia. Hainbat estatu-kolperen ondoren, 2002tik 2004ra gerra zibila izan zen Boli Kostan. 2007an hauteskundeak izan ziren, elkarren aurkako alderdiek hitzarmen bat egin ondoren; 2007ko ekainean, ordea, Guillaume Soro Lehen Ministroa hil zuten.
http://www.cotedivoire-pr.ci/