bizi 2
izond. Bizirik dagoena. || Bizitasuna duena. || iz. Landareen eta animalien oinarrizko nolakotasuna, hazteko, berritzeko, ugaltzeko… ahalmenean datzana. || Bizitza.
■ Bizi iraupena. Izaki baten sorrera eta heriotza arteko epea. Izaki zelulanitz gehienek bizitzako aro berdintsuak igarotzen dituzten arren (enbrioi aroa, gaztaroa eta helduaroa), moten arabera desberdina da aro horien iraupena, eta baita bizi iraupena ere: gizakiok bizitzaren % 70 helduaroan igarotzen dugun bitartean, mota galkor askok, urtebeteko bizitzan, egun bakarra izaten dute helduarokoa. ■ Bizi iraupenari buruzko teoriak. Biologo gehienen iritziz, hautapen naturalak baldintzatzen eta mugatzen du izaki baten bizi iraupena. Hala ere, teoria bat baino gehiago dago, hurrengo belaunaldiari lekua uzteko izakiak zergatik desgertzen diren adierazten duena: horrela, akatsaren teoriaren arabera, ugal-zeluletan metatuz doazen informazio genetikoaren akatsen ondorioz zahartzen gara. Beste teoria batzuek diotenez zahartzea izaki bakoitzaren zelulen barnean dago programaturik. Hipotesi horren arabera, zelulak zahartzearen erritmoak, motaren batez besteko bizitza ez ezik, sexu bakoitzarena ere erabakitzen du, emeak arrak baino luzeago bizitzen baitira. Zahartzearen immune teoriak dioenez, organismoak arian-arian galtzen du eraso patogenoen eta bere zelula anormalen aurka bere burua defendatzeko gaitasuna: 50 urteko gizaki batengan, timoak (antigorputzak sortzen ditu) bere bolumenaren eta funtzionaltasunaren zatirik handiena galdu du. ■ Batez besteko bizitza. Mota jakin bateko izakiek duten batez besteko bizi itxaropena da. Orain arteko frogen arabera, gizakia gehienez 113 urtez bizi daiteke. Azken mendeetan datu horrek aldaketa handirik izan ez duen arren, gizakiaren batez besteko bizitza asko luzatu da. Erresuma Batuan, esate baterako, XVIII. mendean 35 eta 40 urte artekoa bazen bizi itxaropena, gaur egun 76 urtekoa da. Ugaztun guztien artetik gizakiok dugu batez besteko bizitzarik luzeena; elefanteek 70 urtekoa dute; arrano, hontz eta loroek 60koa; baleek 50ekoa; zaldiek 20koa; zakurrek 18koa; katuek 14koa… Batez besteko bizitzarik luzeena duten animaliak dortoka erraldoiak dira, 200 urtera ere irits baitaitezke. Zenbait landare, arbolak gehienetan, animaliak baino luzeago bizi dira: sekuoia adibidez, 3.000 urtez bizi daiteke. ■ Bizi itxaropena. Izaki bat bizi daitekeen batez besteko urte kopurua da. Gizakiengan, bizi itxaropena bizi-mailaren adierazletzat hartzen da, eta Nazio Batuen giza garapenaren indizea zehazteko erabiltzen da. Herrialde pobreenetan bizi itxaropena 40 eta 50 urte bitartekoa da; herrialde garatuetan, berriz, 75 bat urtekoa. Normalean hiru parametrotan neurtzen da: biztanleria osoarena, gizonezkoena eta emakumezkoena, munduko ia herrialde guztietan emakumeak gehiago bizi baitira; herrialde garatuetan, 6 bat urte gehiago.