Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Birmania

(Izen ofiziala, Birmaniako batasuna; birmanieraz, Myanmar). Asiako hego-ekialdeko estatua (errepublika federala). Iparretik hegoaldera hedatzen diren mendilerro eta haranek (Yunnaneko tolesturen hedapen naturala) osatzen dute Birmania. Mugak: Bengalako Golkoa eta Brahmaputra ibai delta (Bangladesh), mendebaldean; Txina, iparralde eta ipar-ekialdean; Laos eta Thailandia, ekialdean; Indiako Ozeanoa (Andaman Itsasoa), hegoaldean. 678.000 km2 eta 47.100.000 biztanle (1998, birmaniarrak). Hiriburua: Yangon edo Rangun eta Naypydaw (hiriburu administratibo berria). Hiri nagusiak: Lashio, Mandalay, Martaban, Mogok, Mulmein, Pagan, Pegu, Sagang. Hizkuntza ofiziala: birmaniera. Erlijioak: budismoa (% 89,1), kristautasuna (% 3,8) eta islama (% 3,8). Talde etnikoak: birmaniarrak (% 69), xan-ak (% 8,5), karen-ak (% 6,2), mon-ak (% 2,4), xin-ak (% 2,2), kaxin-ak (% 1,4). Hizkuntzak: birmaniera (ofiziala) eta talde etniko bakoitzaren hizkuntzak. Dirua: kyat-a. ■ Biztanleak. Birmaniarrak mongoloide arrazakoak dira oinarrian, eta tibetarren eta txinatarren oso antzekoak dira. Birmania osatzen duten etniek zeinek bere estatu federatua du. Karen-ak Behe Birmanian daude; xan-ak Thailandiako mugan; mon-ak deltaren inguruan; xin-ak ipar-ekialdeko mendi inguruetan bizi dira, eta kaxin-ak Birmaniaren iparraldean. Birmaniako biztanleria oso gaztea da (birmaniarren % 36-k 15 urte baino gutxiago ditu), eta hirietan bizi da batez ere (% 27). ■ Ekonomia. Birmania herrialde nekazaria da oinarrian. Biztanleen erdiak baino gehiagok nekazaritzan edo nekazaritzaren inguruan lan egiten du. Industriarik ez zegoen ia Bigarren Mundu Gerra baino lehen, baina 1960-1970 bitartean izugarri hazi zen. Ekonomia modernizatzea eta aniztea da gobernuaren helburu nagusietako bat; horren ondorioz, enpresa pribatu asko nazionalizatu egin dira. Teka zura eta kautxua garrantzizkoak dira Birmaniako ekonomian. ■ Nekazaritza. Birmaniako lurraldearen % 15 egokia da nekazaritzarako; hala ere, landu daitekeen lurraren zati txiki bat besterik ez dago landuta. Birmania munduko arroz ekoizle nagusietako bat da. Arroz gehiena Irawadi ibaiaren deltan lantzen da. Garrantzizkoak dira, besteak beste, artoa, kotoia, kakahueteak, lekaleak, artatxikia, tabakoa. ■ Industria. Arroz xehatua eta nekazaritza gaiak lantzen dihardute eskulangintzako enpresa nagusiak. Industria indartzeko asmoarekin, gobernuak hainbat enpresa sortu du (altzaria, jutea, adreiluak eta teilak). Zerrategiak, petrolio findegiak, azukre findegiak, irin errotak eta kotoi fabrikak ere badira. ■ Merkataritza. Teka zura, arroza, kotoia, meak eta kautxua esportatzen dira batez ere. Birmaniak merkataritza harremanak ditu Japonia, Singapur, Indonesia, Alemania, Britainia eta Estatu Batuekin. 1991. urtean Estatu Batuek merkataritza isuna jarri zioten Birmaniari eskubide zibilak errespetatzen ez dituelako. ■ Historia. Azken urteak. 1988an gobernuaren kontra izan ziren istiluen ondorioz, Ne Win jeneralak dimisioa eman zuen gobernuko alderdiko presidente gisa. 1989an Birmaniaren izena aldatu egin zuten: Myanmar. 1990eko lehendakaritzarako hauteskundeetan oposizioko alderdiak (Demokraziarako Liga Nazionala) gehiengoa lortu zuen, baina gobernuak ez zuen baimena eman Liga Nazionalak biltzarra ospatzeko. 1991n Bakearen Nobel saria oposizioko buru zen Daw Aung Suu Kyi-ri eman zioten, 1989. urteaz geroztik preso baitzegoen bere etxe barruan. Saw Maung jenerala gaixotu eta 1992an Than Shwe jenerala jarri zuten presidente. Hark berrehun bat preso kaleratu zituen eta 31 eskola eta unibertsitate zabaldu zituen; gerra legea kendu zuen, baina Amnesty International erakundeak torturatzen jarraitzen zutela salatu zuen. Liga Nazionala saiatu zen gobernuarekin konstituzio berri bat idazten, baina gobernuak oposizioko buruzagiak atxilotu besterik ez zuen egin. Dena dela, Estatu Batuak eta Erresuma Batuak gogor egin zioten Myanmar-eko gobernuari, eta gobernuak zenbait gauza onartu behar izan zuen: utzi zion Liga Nazionalari bere biltzarra egiten, baina 600 ordezkari baino gehiago ez biltzera derrigortu zituzten. Bestalde, militarren batzordea desegin zen eta horren ordez Bake Egoerako eta Garapenerako Batzordea osatu zen.
http://www.myanmar.gov.mm/