Bilbao Metropoli-30
Bilbo Metropolitarraren garapena planifikatzeko eta bideratzeko 1991 urtean sortu zen elkargoa. Bilbo Handia eskualdeko eta inguruetako 44 udalerri hartzen ditu Bizkaiko hiriburuaren inguruan sortu den metropoliak. Elkargoaren helburuak aipatutako eremuan planifikazio, ikerkuntza eta sustapen proiektuak aurrera eramatea du helburua, betiere Bilbo Metropolitarra jasotzeko eta berpizteko asmoz. Horretarako, Bilbo Metropolitarra Berpizteko Plana moldatu zuen elkargoak, muga geografiko eta administratibo argirik ez daukan eremu horren definizio sozial eta ekonomikoa egin eta aurrerabideak proposatzeko. Elkarte honek Bilbo Metropolitarrak berton nahiz kanpoan ematen duen irudia hobetzeko lana ere egiten du, eta sektore publiko eta pribatuaren arteko elkarlana bultzatzen. Izan ere, administrazioak, erakunde publikoak, unibertsitateak, enpresak eta erakunde pribatuak daude ordezkatuta elkarte honetan. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilbo Handia eskualdeko udalek osatzen dute elkartea, Eudel Euskadiko Udalen Elkartea, Bilboko Portuko Erakundea, Bilbao-Bizkaia ur-partzuergoa, Bilboko Nazioarteko Erakustazoka, SPRI elkarte publikoa eta Metro Bilbaorekin batera, besteak beste. Horiez gainera, Bizkaiko enpresarik garrantzitsuenak, komunikabideak, elkargo profesionalak, gizartegintzaren alor askotan diharduten elkarteak, unibertsitateak eta irabazi asmorik gabeko talde ugari dago ekimen honetara bildua.