Bilbao Eguía, Esteban
Bizkaitar politikari eskuindarra (Bilbo, 1879 - Durango, 1970). Alderdi tradizionalistako kidea, zinegotzia (Bilbo, 1904), Madrilgo Gorteetako diputatua (Tolosa, 1916), senataria (Bizkaia, 1919) eta berriz ere diputatua (Lizarra, 1921). Primo de Riveraren laguntzailerik garrantzitsuenetakoa izan zen diktaduraren garaian (1923-1930). 1926tik 1930era arte Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu nagusi izan zen. II. Errepublika garaian Gorteetako diputatu izan zen (Nafarroa, 1933) eta eskuindarren altxamendu eta prestakuntza guztietan hartu zuen parte, ixilean pasa bazen ere. Gerra hasi zenean, errepublikaren aldekoek atxilotu egin zuten Bilbon, eta Francok preso zeukan Bilboko alkatearekin trukatu zuen. Francok gerra irabazi ondoren, eta lehen gobernua osatu zutelarik, Esteban Bilbao Justiziako ministroa egin zuen. 1943an kargua utzi eta Gorteetako Lehendakari izendatu zuten. 1948an Erreinuko Aholkularitzako buru egin zuten eta bi karguetan iraun zuen 1965 arte. v Esteban Bilbao Francoren gobernuaren politikari nagusietako bat izan zen. Berak jarri zituen indarrean frankismoaren garaiko lege asko eta asko.