Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bidasoa

Euskal Herriko ibaia, ura Kantauri itsasoan isurtzen duena. Izpegin sortu (Baztan, Nafarroa) eta berehala Arana errekarekin bat egiten du. Bertizarana bitarteko zatiak Baztan izena hartzen du. Bertizaranetik Hondarribiara bitarteko zatiari Bidasoa deritzo. Endarlatsatik Gipuzkoan sartu eta aurrerantzean Lapurdi eta Gipuzkoa bereizten ditu. Ura Hendaia eta Hondarribiaren arteko Txingudi badian isurtzen du itsasora. Behobiatik igarota Faisaien edo Konferentziaren uhartea dago. Bertan Pirinioetako ituna izenpetu zen 1659. urtean. Bidasoa ibaiaren adarrak laburrak dira, emari handikoak eta erregularrak. Adarrik garrantzitsuena Ezkurra izenekoa da, izen bereko mendatean jaio eta Donezteben Bidasoa ibaiarekin bat egiten duena, 20 km egin ondoan.