Bidasoa, CD
Gipuzkoar eskubaloi taldea, 1962. urtean Irunen sortua. Sortu eta berehala lortu zuen Bidasoak Espainiako Ohorezko Ligan jokatzeko aukera, eta 1986-1987 denboraldian eskuratu zuen lehen titulua, Ligako txapelketa. Taldeak urrezko aroa 1990eko hamarraldian bizi izan zuen. Emaitza garrantzitsuenak Juantxo Villarreal errenterriarra entrenatzaile zutela eskuratu zituzten. Orduan, eta urte askoan zehar, Chocolates Elgorriaga enpresa zuten babesle, eta horren izena hartu zuen taldeak. 1994-1995 denboraldian Zagreben (Kroazia), Europako Kopa irabazi zuten, eta hala Europa mailako titulurik eskuratu zuen lehen euskal taldea bilakatu zen. Europa mailan hamarraldiko talde onentsuenen artean izan da Bidasoa, eta zortzi denboraldietan Europa mailako txapelketetan jokatu du: hiru aldiz Europako Kopan, bost aldiz Europako Errekopan eta behin EHF Kopan. C.D. Bidasoa Europa mailako lau finaletan lehiatu da. Horietatik bi irabazi ditu, 1994-1995ko Europako Kopa Zagrebeko Badel taldearen aurka, eta 1996-1997ko Europako Errekopa, Hungariako Fotex Veszprem taldearen aurka. Beste bi finalak galdu egin zituen: 1990-1991 denboraldian Europako Errekopan Milbertshofen alemaniarraren kontra eta 1995-1996 denboraldiko Europako Kopa F.C. Barcelona aurkari zuela erdietsi zuen talde honek. Espainia mailan irabazi dituen tituluen artean garrantzitsuenak, 1994-1995 denboraldiko Asobal Liga, eta 1990-1991 eta 1995-1996 denboraldietako Errege Kopak dira. Azken titulua 1995-1996 denboraldiko Superkopa izan zen. Historian zehar bost entrenatzailek zuzendu dute talde irundarra: Jose Antonio Apeztegiak, Antxon Goikoetxeak, Carlos Iglesiasek eta –hogeita bi urtez– Juantxo Villarrealek. Taldearen aro oso bat bete zuen Villarrealeak berak hala nahita kargua utzi zuenean, Ivan Sopalovic, Jordi Ribera eta Mario Hernándezek hartu zuten, batak bestearen ondoren, taldearen ardura, 2000. denboraldirako talde gipuzkoarrak Julian Ruiz fintxatu zuen arte. Bidasoa taldearen jokalari gehienak goi mailako jokalariak izan dira. Nazioarteko mailan aritutakoen artean, Zuñiga, Josu Olalla, Aitor Etxaburu eta Xabier Mikel Errekondo nabarmen daitezke. Jokalari atzerritarrak ere fitxatu izan ditu Bidasoak; besteak beste, Bogdan Benta poloniarra, Ivan Sopalovic jugoslaviarra eta Alfred Gislason, eta Tomas Svensson suediarrak. 2000/2001 denboraldiko Euskadiko Kopa ere eskuratu zuen. Denboraldi horretan, emaitza onak lortu zituen taldeak Europa mailako EHF Cup lehiaketan ere.