Bidasoa Beherea
Gipuzkoa osatzen duten eskualdeetako bat. Irun eta Hondarribia udalerriak hartzen ditu bere baitan. Eskualde honek 71,6 km2ko azalera du 1998ko datuen arabera (Gipuzkoaren % 4), eta 70.390 biztanle zituen guztira 1997an (Gipuzkoaren % 10,3). 68.327 biztanlerekin, Irun da eskualdeko herririk jendetsuena, baita Gipuzkoako bigarren herririk handiena ere. Ekonomiari dagokionez, 1996an 1.930.000 pezetakoa izan zen biztanleko eskualdearen Barne Produktu Gordina (BPG). EAEko indize bateratzailea 100 eta Gipuzkoakoa 102 zelarik, 84an zegoen Bidasoa Beherea. 1996an eskualdearen balio erantsiaren % 68 zerbitzuetatik zetorren, Gipuzkoako batez bestekoa baino 15 puntu gorago. Irunen, esaterako, industriak balio erantsiaren % 26 ekarri zuen 1996an, baina Hondarribian % 16ra baino ez zen heldu. Hondarribian, aldiz, pisu aipagarria zuen lehen sektoreak, Gipuzkoako batez bestekoa askozaz gainditzen baitzuen. Azken urteotan aldaketa sakonak jasan ditu eskualdearen egitura ekonomikoak, Irunen gehienbat. Hondarribiak bere erakargarritasun turistikoa sendotu du azpiegiturak asko hobetuz –hondartza eta kirol portua eraberritu dituzte, esaterako– eta, arrantza sektorearen krisialdia latza izan arren, eusten dio oraindik betiko jarduera horri. Irunen, aldiz, krisialdi gogorra jasan zuten mugen desagerpenaren ondorioz, eta horiei lotutako lanpostu asko galdu ziren. Nolanahi ere, garraioarekin eta beste alor batzuekin zerikusia duten jarduera berriekin bideratu dute egoera. Hizkuntzari dagokionez, nahiko orekatuta daude euskara eta gaztelania eskualde honetan, nahiz eta gaztelania izan nagusi, Irunek duen garrantzi demografikoaren eraginez. Eskualdean 24.268 euskaldun, 12.087 ia euskaldun eta 31.972 erdaldun bizi ziren 1996an. Irunen erdaldunek ia bikoiztu egiten zuten euskaldunen kopurua, eta erabat alderantzizkoa zen egoera Hondarribian.
- Bidart, Pierre
- Bidart
- Bidarte
- bidasari*
- bidaso
- Bidasoa Beherea
- Bidasoa, CD
- Bidasoa
- Bidasoa
- Bidasoako elkarrizketa
- bidasti