Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Beti, Mongo

Frantses idazlea, jatorriz kamerundarra (Mbalmayo, 1932). Letra klasikoetako irakasle izan zen Erruanen. Lehenengo eleberria 1954an idatzi zuen, Ville cruelle (Hiri krudela), Eza Boto ezizenarekin. Ondoren idatzi zituen Le Pauvre Christ de Bomba (1956, Bombako Kristo gaixoa) eta Mission terminée (1957, Eginkizun amaitua). Lan horietan kolonizazioaren gehiegikeriak salatu zituen. La Ruine presque cocasse d'un polichinelle (1979, Politxinela baten hondamendi ia barregarria) satiraren ondoren, Les Deux Mères de Guillaume Ismaël Dzewatama (1983, Guillaume Ismaël Dzewatamaren bi amak) lanarekin nabarmen utzi zuen kultura frantsesaren eta afrikarraren artean bizi den afrikarraren drama. La Revanche de Guillaume Ismaël Dzewatama (1984, Guillaume Ismaël Dzewatamaren mendekua) lanean Afrikako arazo politikoak aztertzen ditu. Arazo horiek, bestalde, bi saiakera lanen oinarri izan dira: Lettre ouverte aux Camerounais (1986, Gutun irekia kamerundarrei) eta La France contre l'Afrique, retour au Cameroun (1993, Frantzia Afrikaren kontra, Kamerunera itzulera). Horrez gainera, Beltzen hiztegia (1989) argitaratu zuen.