Bernaola Alonso, Carmelo
Bizkaitar musikagilea (Otxandio, 1929). Musikaren munduan ibilbide luzea egin du konpositore bezala: orkestrarako obrak, ganberako musika eta bakarkako musikaz gainera, antzerki, zinema eta telebistarako musika ugari sortu du. 1959an Erromako saria irabazi zuen eta Italiara joan zen musika ikasketak jarraitzera. Bertan Petrasi, Celebidache eta Bruno izan zituen irakasle. Francesco Lavagninorekin musika zinematografikoa ikasi zuen. Parisko Arteen Bi Urtekoan, Espainiako Musika Garaikideko Bi Urtekoan eta Amerikako eta Espainiako Musikaldietan parte hartu zuen. Mundu osoan entzun dira joan den mendearen erdialdera ezagutzera eman zen belaunaldi berritzaileko kide nagusietako bat izan zen. Bere lanen artean, besteak beste, Trio Sonatina, Tríptico de canciones, Canción y danza, Música de Camara, Jarraipen edota Monumento izeneko trilogia aipa daitezke. Esan bezala, antzerkirako zein zinemarako musika ere asko landu du. 90 film eta 50 antzerki lanen soinu bandak sortu ditu Carmelo Bernaolak. Antzerkirako, adibidez, ¿Quién quiere una copla del Arcipreste de Hita?, El burlador de Sevilla eta Las mujeres sabias antzerki lanen soinu banda goraipatuak egin ditu. Arlo zinematografikoari dagokionez, Angelo Francesco Lavagninorekin izandako harremanaren ondorioz, elkarrekin aritu ziren Orson Wellesen Campanadas a medianoche lanean. Gainerakoan, bestelako filmetan ere aritu da musikagile modura, adibidez, honako lanetan: Nueve cartas a Berta (1965), Juguetes rotos (1966), Españolas en Paris (1971), El love feroz (1975), Retrato de familia (1977), Un hombre llamado flor de otoño (1978), Akelarre (1984), Mambrú se fue a la guerra (1985) eta Pasodoble (1988). Pasodoble filmarekin musika onenari emandako 1988ko Goya saria lortu zuen. Beste hainbat sari ere eskuratu ditu: denboraldiko musika obra onenari ematen zaion sari nazionala 1962an, Música de Cámara obrari esker; Círculo de Escritores Cinematográficos elkarteak ere Urteko Musikari Onenaren Sari Nazionala eman zion. 1999an, 70 urte bete zituen unean, omenaldi berezia eskaini zioten Donostiako Musika Hamabostaldiak, SGAEk eta Euskal Herriko Unibertsitateak, baita Menéndez Pelayo Santanderko Udako Unibertsitateak ere. Irakaskuntzan eta musikagile gazteen prestakuntzan ere lan handia egin du. 1981ean Gasteizko Kontserbatorioko zuzendaritza eskaini zioten, baina horretatik kanpo ere aritu da ikastaro eta mintegiak eskaintzen, konposizioaren arloan gehienbat.