Berlin, Isaiah
Filosofo britainiarra, jatorriz letoniarra (Riga, 1909 - Oxford, 1997). Etika, liberalismoa eta pentsamenduaren historia ikertu zituen batez ere. Oxfordeko Unibertsitateko Teoria Sozial eta Politikoaren saileko katedraduna, Oxfordeko Wolfson College-ko zuzendari eta Akademia Britainiarreko lehendakari izan zen, besteak beste. Teoria liberal modernoa aztertu zuen, eta garrantzi handiko ekarpenak egin zizkion arlo horretan filosofia politikoari. Four Essays on Liberty (1969, Askatasunari buruzko lau saiakera) eta Against the Current (1979, Gaur egungoaren kontra) dira Berlinen obra nagusiak. Gainera, pentsalari handi asko ikertu zituen, hala nola Johann Georg Hamman filosofo eta teologo alemaniarra, Alexandr Herzen pentsalari politiko errusiarra, Joseph de Maistre moralista frantsesa, Nikolas Makiavelo eta Karl Marx. 1978tik 1980ra bitartean Berlinen saiakeren bilduma argitaratu zuten, Collected Essays izenburuarekin.