Berkeley, George
Irlandako filosofoa (Thomastown, 1685 - Oxford, 1753). Dublinen ikasi zuen; apaiztu ondoren grekoko, hebreerako eta teologiako irakasle izan zen. 1713tik 1720ra bitartean Frantzia, Espainia eta Italia ezagutu zituen. Irlandara itzulirik, Derryko dekano izendatu zuten (1723). Kristau fedea zabaldu nahiak bultzatuta Bermudetara abiatu zen, baina baliabidez eskas zebilenez itzuli egin behar izan zuen. Cloyne-ko apezpiku anglikarra izan zen. v Materialismoaren eta sinesmen ezaren aurrerapenak hunkiturik, bere erlijio ideiak defendatzen saiatu zen eta guztizko idealismoa aldarrikatu zuen. Pentsamenduaz kanpoko errealitate oro ukatzen du, zentzuen bidez hautemandako mundu materialak zeinu-balioa besterik ez duela dio. Aldaketa hautemangarrien kausa ez da gauzakietan edo gure baitan aurkitu behar, baizik eta Jainkoarengan: gertaera materialak Jainkoak gurekin hitz egiteko eta gure borondatea zuzentzeko hizkuntza besterik ez dira. Lockeren enpirismoak eta Malebrancheren idealismoak bat egiten dute Berkeleyren inmaterialismoan. Zenbait lan: Ezagutzaren hatsapenak (1710), eta Hylas eta Filonous-en arteko Elkarrizketak (1713).