Berio, Luciano
Musikagile italiarra (Oneglia, 1925 - Erroma, 2003). Milanen Ghedini eta AEBetan Dallapicolla izan zituen irakasle. Gaur egungo Italiako musikagile ezagunenetakoa da. Haren lanak joera serial eta post-serialetan kokatzen dira. Gero musika elektroakustikoa ikertzen hasi zen eta Maderna-rekin Studio di Fonologia Musicale sortu zuen Milanen. Garai hartako zenbait lanen bidez —Murazioni (1956), Momenti (1960)—, elektroakustikaren eta tresna-musikaren arteko mugak hautsi nahi izan zituen. Ommaggio a Joyce (1958), musika molde horretan klasikoa den lanarekin ahotsa lantzen hasi zen. Ahotsari buruzko ikerketa horiek haren lanaren zati handi bat hartu zuten: Circoli (1960), E. E. Cummings-en poema batean oinarritua; Epifania (1962-1965), Proust, Joyce, Machado, Sanguineti, Simon eta Brechten testuen collage bat. Sequenze (1962-1969) lanean, ordea, ahotsari buruz egindako ikerketak musika-tresnen ahalbideei lotzen zaizkie. Danteren jaiotzaren zazpigarren mendeurrenaren karietara Laborintus II (1962-1965) moldatu zuen. Beste lan zenbait: Folk Songs (1963), Allez-Hop (1959), Sinfonia (1968-1969), etab.
- Bering
- Bering
- Bering
- Bering
- Berinjia
- Berio, Luciano
- Berisha, Sali
- Beristain, Felix
- berjabetasun
- berjera
- Berkeley, George