Berasategi, Alberto
Bizkaitar tenislaria (Bilbo, 1973). Zazpi urte zituela hasi zen tenisean. Tenislari ona izateko gaitasun egokiak zituela-eta, hamairu eta hamazazpi urte bitartean Estatu Batuetako Palmer tenis eskola ospetsuan hobetu zuen bere jokoa. 1991. urtean hasi zen munduko tenis profesional zirkuituan. Berasategiren kirol ibilbideko urterik oparoena 1994 izan zen. Jokatu zituen bederatzi finaletatik zazpi irabazi zituen. Horrez gainera, Grand Slameko Roland Garros lehiaketaren finalera iritsi eta bertan Sergi Bruguera kataluniarraren aurka galdu zuen. Hala ere, ATPko zerrendan zazpigarren postuan sailkatzea lortu zuen, bere kirol ibilbidean sekula erdietsi duen posturik onena. Munduko lehen hamar tenislarien artean kokatzea lortu duen gizonezko tenislari euskaldun bakarra da Berasategi. Javier Duarte izan da bere entrenatzailea eta jokatzeko gogokoen duen zoru mota area izan da beti, bertan erdietsi dituelako emaitzarik aipagarrienak. 1996an ere denboraldi biribila egin zuen Berasategik, Boloniako, Kitzbüheleko eta Bukaresteko lehiaketak irabaziz. 1997an, berriz, Portoko lehiaketaz gainera, Espainiako txapelketan nagusitu zen. Orduz geroztik bere maila jaitsi egin da. 2000. urtean, tenislari profesionalen zirkuituan jarraitzen duen arren, ATPren 118. postuan zegoen sailkaturik.