Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bellini

Italiako margolari familia, Veneziako eskolaren bilakabidean garrantzi handia izan zuena.  v  Jacopo (Venezia, 1400 inguruan - Venezia, 1471 inguruan). Bere maisu Gentile da Fabriano eta Pisanellorekin batean tradizio gotikotik aldentzen hasi zen, espazioari buruzko ikerketari ekinez. Haren lanetako gutxi heldu dira guganaino: Ama Birjina batzuk; Ama Birjina eta Haurra (Louvre); Deikundea (Brescia). Bere lan handiak desagertu egin dira; hala ere, bi marrazki bilduma gordetzen dira (Paris, Londres). Bi seme izan zituen, Gentile eta Giovanni, eta alaba bat, Niccolosia, Mantegna pintorearekin ezkondu zena.  v  Gentile (Venezia, 1429 inguruan - Venezia, 1507). Aitaren eta Mantegnaren dizipulua, bion irakatsiak jaso zituen; bere eragina nabarmena da Carpaccioren margolaritzan. Erretratu egile bikaina izan zen (Francesco Foscari Duxa, Frederiko III. Enperadorea). Veneziako margolari ofiziala, 1479an Istanbula bidali zuten (Mohamet II.aren erretratua). Handik itzultzean exotismoa eta orientalismoa sartu zituen Veneziako margolaritzan (San Markoren Predikua Alejandrian). Halaber bizitza publikoaren lekukotza eman zuen neurri handiko koadroetan (San Marko plazako prozesioa).  v  Giovanni, Giambellino deitua (Venezia, 1429 inguruan - Venezia, 1516). Aitaren eta Mantegnaren eraginpean lanean hasita, gero eta pintura argitsuagora jo zuen. Piero della Francescaren pintura eta Antonello da Messinarena ezagutzea (1475) erabakiorrak izan ziren haren lanaren bilakabide horretan. Giovanni XV.aren mendeko Veneziako pinturaren irudi nagusia da, eta Giorgione eta Tizianoren maisua. Durerok, 1505 inguruan, garai hartako margolaririk bikainenentzat jo zuen. Veneziako margolari ofiziala 1479tik aurrera, ingurunea eta irudiak bat egiten lehena izan zen. Haren Ama Birjinak zerukoak eta mundu honetakoak dira aldi berean. Batzuk Venezian bertan daude: Ama Birjina santuz inguraturik; Ama Birjina tronoan, Haurra loakarturik duela, Ama Birjina; Haurra eta santuak. Beste zenbait lan nagusi: Jesu Kristo bedeinkazioa emanez, Ama Birjina eta Haurra lau santuz inguraturik (Paris); Baratzeko otoitza (Londres); Jesu Kristo Salbatzaile eta Pietatea (Milan); Alegoria (Florentzia); Jainkoen oturuntza, gai profanoz margotu zituen koadro bakanetako bat (Washington). Halaber erretatu anitz egin zuen; Loredan Duxa da ospetsuenetariko bat.