belodromo
iz. Bizikleta lasterketak egiteko pista. v Belodromoa leku itxia da, estalia edo estali gabea, pista eta ikusleentzako harmailak dituena. Gaur egun gehienek bi zati zuzen paralelo eta aldapa handiko bi bihurgune dauzkate. Zati zuzenek ere aldapa dute zeharretara; txirrindulariek abiada handia har dezakete horrela, irristatu eta indar zentrifugoaren eraginez pistatik kanpora erortzeko arriskurik gabe, zapaltzen duen zoluaren perpendikularrean egiten bait dute korrika. Pistaren zabalera, bihurguneetan eta handiena den helmugako zati zuzenean, 7 eta 10 m artekoa izan ohi da. Luzera edo pistaren distantzia osoa, soka ere deitzen dena, ez da belodromo guztietan berdina; egokientzat larehun edo bostehun metrokoa jotzen da. Zolua kasu gehienetan zementuzkoa da, baina zurezkoa hobea izaten da. Pistan zehar bi marra ikusterraz marrazten dira, bata barnealdetik (barne marra edo soka) 30 zentimetrora eta beste bat lehenengotik (kanpo marra edo soka) 70 zentimetrora. Leku batetik bestera eraman daitezkeen belodromoak ere badira.