Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Beirut

(Arab. Bayrüt) Libanoko hiriburua eta portu nagusia, Mediterraneo itsasoaren ertzean. 1.100.000 biztanle inguru, Libano osoko % 40. 1975eko gerra zibiletik aurrera, hondamendi izugarria izan du Beirutek. Bonbardaketek suntsiturik, garai batean Ekialde Hurbileko hiri oparoena zena egoera tamalgarrian dago gaur egun; 1990etik aurrera nolabaiteko bake giroa (talde siriarrek eta israeldarrek kontrolatua) ezarri da. Beirut hiri moderno eta kosmopolita zen 1975eko gerra baino lehen: kulturagune garrantzitsua (hiru unibertsitate: arabiarra, frantsesa eta iparramerikarra) eta hainbat erlijio bizi ziren batera (kristau maronitak, musulman sunnitak eta xiitak), nahiz elkarren arteko desberdintasunak gerra zibilaren oinarrian egon ziren. Industria eta finantza leku guztiz garrantzitsua zen. Beiruteko portu frankoa Ekialde Hurbileko portu nagusia zen, azpiegitura hoberena zuena, inportazio nahiz esportazioetarako prestatua.  v  Historia. Feniziako hiri zaharra (Berytos, K.a. 2.000. urtearen erdialdean), kolonia erromatar bihurtu zen Augustoren garaian (K.a. 15). Arabiarrek hartu zuten 635. urtean eta gurutzatuek 1110. urtean. Saladinen osteek 1187an eskuratu ondoren, gurutzatuen eskuetan egon zen hiria denboraldi batez (1197-1291). Geroztik, Egiptoko mamelukoak eta turkiarrak izan ziren Beiruteko jabeak berriro. Beirut nahitaezko portua zen Ekialde Hurbilerako bidaietan. 1920an Libanoko hiriburu izendatu zuten (1941etik aurrera burujabea). Frantsesen kuartel nagusia izan zen Ekialde Hurbilean (1919-1946). Beirut izan da burujabetasunaren ondoren Libanok bizi izan dituen barne-gatazka guztien gune nagusia: kristau maronita eta musulmanen arteko gerra zibilak (1958) AEBen bertaratzea ekarri zuen (1958-1964). 1973ko apirilean Israelgo soldadu talde batek Palestinako iheslarien buruzagi batzuk hil ondoren, Palestinako arazoak Libanoko krisia areagotu zuen; Israelen eragina gero eta handiagoa egin zen. 1975ean piztu zen Libanoko Gerra Zibila eta Beirut milizia palestinar, falangista, druso eta xiiten arabera zatitu zen. 1978tik aurrera, indarkeria jaun eta jabe egin zen Beiruten. Kolonialismoak bultzaturiko politikari esker erlijioak eta ekonomia mailak guztiz zatitu zituen bi taldeeen arteko gatazkak, kristauen eta musulmanen arteko lehiak, bide utzi zion Libanoko mugetatik haraindi jo zuen gerrari: Siriako gudarosteak 1978an sartu ziren, Bake Talde arabiarren izenean, eta borroka latzak izan ziren talde kristauen aurka; 1982an, lurraldea arriskuan zutelako aitzakian, Israelgo gudarostea Beiruteraino iritsi zen eta palestinarren iheslari esparruak xehakatu zituen. Milizien arteko guduek eta etengabeko bonbardaketek erraustu zuten Beirut. 1975eko apirilean lerro batek bitan banatu zuen Beirut: sartaldeko Beirut, kristauen esku, eta sortaldeko Beirut, musulman druso eta xiiten agintaritzapean. Urte bereko uztailean, Libanoko armada erregularrak bere gain hartu zuen hiri osoko kontrola; horrek ez zuen, ordea, inolako konponbiderik ekarri. Bi joera politiko nagusi egituratu ziren Libanon, Beiruteko bi aldeen arteko bonbardaketek etenik ezagutzen ez zuten bitartean: gehiengo musulmana (sunnita), siriarren aldekoa, eta kristau maronita. 1989ko urriaren 22an, Libanon zeuden taldeek, arabiar herriek, nazioarteko komunitateak eta Siriak nahiz Israelek bake proposamena onartu zuten, urtebete geroago etsi behar izan zuten milizia kristauek izan ezik. Siriarren kontrolpean eta israeldarren mehatxupean, Beirut, Libano osoarekin batera, hondamendiak eta miseriak jotako hiria da gaur egun.