begi
iz. Ikusmenaren organoa. || Hainbat lanabesetan, kirtena ezartzen den zuloa. || Landareetan, kimua sortzera doan pikorta modukoa. || Begi-betegarri. Jaunaren edertasuna izango da arimaren sari eta begi-betegarria. || Begi(-)bista. Begi-bistan: agerian. || Begi eman. Begiratu. || Begi-erre. izond. Sin. beterre. Betazal ertzak gorrituak dituena. || Begi(-)ertz. Sin. betertz. Begiaren ertza. || Begi(-)keinu. Begi keinu bat egin zion. || Begi(-)kolpe. Begiraldia. || Begiko nini. Ninia, begiaren erdiko beltzune biribila, irisaren erdian dagoen irekidura, argi izpiak begi barrura sartzen direna. || Begi(-)lauso. Begiaren alde gardenean agertzen den orbantxo zurixka, ikusmena iluntzen duena, gandua. || Begi(-)nini. Begiko ninia. || Begi-oker. izond. Sin. betoker. Begi batean edo bietan begiratuaren okertzea duena. || Begi(-)ondo. Sin. betondo. Begi ingurua; bekokia; bekaina. || Begi(-)ondoko. Sin. betondoko. Begi ondoan jotzen edo hartzen den kolpea. || Begitan hartu. Gorrotatu. || Begi(-)ukaldi. Begiraldia. || Begiz jo. Aukeratu, hautatu. || Begi(-)zulo. Sin. betzulo. Begiak kokatzen diren barrunbeetako bakoitza; Pl. begien azpian gertatzen diren ubeldurak, adibidez lo gutxi egiten denean. v Begiaren anatomia. Gizonak bi begi ditu aurpegiaren gainaldean, sudurraren alde banatan. Begiak edo begi-globoak beste zenbait organo ditu inguruan, babesleak batzuk (betileak, betazalak, etab.), mugitzekoak besteak (begi-globoaren giharra). Begi-globoak esfera itxura du eta betzuloan dago. Hiru mintzez osatuta dago. Lehenengoa edo kanpo-esklerotika, zuria da, trinkoa eta gogorra; bere aurreko barrunbea gardena eta ganbilagoa da, erloju-beira bezalakoa, eta kornea deritzo. Bigarren mintza koroide izenekoa, iluna da eta esklerotikaren azpian dago; aurretik betazaleko giharra eta irisa daude. Azken hau trenkada biribil eta laua da, zutik jarria, erdigunean irekigune bat duena: begininia. Hirugarren mintza erretina da; begiaren mintz sentikorra da erretina, begi nerbioaren luzapena baita berez; kopa baten gisa hedatzen da, koroidea estaliz. Begiaren parte gardenak honako hauek dira: kristalinoa, lente txikia, gardena eta malgua, irisaren atzean dagoena. Humore urtsua, kornea eta kristalinoaren artean dagoen isurkari kolorgea dena, eta humore beirakara, jelatina antzeko gai gardena, erretinaren eta kristalinoaren artean dagoen tartea betetzen duena. Begia argazki-makinarekin erka daiteke: hala, objektiboa, kristalinoa izango litzateke; diafragma, irisa; eta argazki-orria berriz erretina. v Begi osatua. Artropodo askok, intsektuek eta oskoldunek batik bat, duten begi mota. Omatidio izeneko begi bakun txiki pilo bat (zenbaitetan milaka) da funtsean, elkarri estu loturik, baina pigmentu iluneko zelulek elkarrengandik banatuta dauzkatela. Omatidio bakoitza mehar sakona da; erretinula izeneko barne-partikula sentikor batez eta beste kanpo-partikula errefraktibo batez osatua dago. v Begi nauplioa. Begi bakarra, bakoitia, erdialdekoa, larba nauplioak duenaren antzekoa. v Garun begia. Zefalokordatuetan, burmuinaren aurreko horman dagoen orban pigmentudun bakoitia, seguruenik argiarekiko sentikorra ez dena. v Begi bakuna. ik. ozelo.