Beethoven, Ludwig van
Alemaniar musikagilea (Bonn, 1770 - Viena, 1827). Aita, Johann, izan zuen bere lehen maisua, Koloniako printze hauteslearen kantari baitzen Bonnen. Aitak semearen trebetasunari etekinak atera nahirik, Kolonian emanarazi zion lehen kontzertua (1778) eta bira bat egin zuten Holandan zehar (1781). Garai hartan, Christian Gottlieb Neefe organo-jotzailearen eragina guztiz onuragarria gertatu zitzaion, hari esker hasi baitzen J. S. Bach-en eta C. Ph. Bach-en artea ikasten. Neeferen laguntzaile bilakaturik, 1782an maisuaren lekua hartu zuen hauteslearen kaperako organoan eta urte bete geroago gorteko klabean. Orduan ezagutu zituen Beethoven gazteak musika liriko frantsesa eta italiarra, eta baita Mozart ere (1784). Argitaratu zuen lehen lana M. Dresleren martxa baten bariazioak klaberako izan zen (1782). Aitak, edariari emana baitzen, familia utzi zuen eta Ludwigek hartu behar izan zuen Johann eta Karl anaia gazteen heziketaren ardura. 1789an Bonngo unibertsitatean filosofia ikastaroetan esku hartu zuen eta, bere kabuz, Homero, Platon, Plutarco, Shakespeare eta bere garaiko idazle garrantzitsuenen idazlanak ezagutu zituen. v 1792an Vienara joan zen eta geroztik ez zen hiri hartatik aldendu, bidaia labur batzuetarako izan ezik. Ondoko urtean Haydnekin hasi zen ikasten eta honek Londresa joan behar izan zuenean, J. Schenkekin kontrapuntoa, G. Albrechtsbergerekin fuga eta A. Salierirekin Italiako estiloko musika konposizioa sakondu zituen. Vienako goi-mailako gizarteak azkar onartu zuen, eta piano-jotzaile eta musikagile lanari ekin zion. Garai honetakoak dira Pianorako hiru trioak, Zenbait bariazio, Minue eta dantza aleman-ak, Hari kintetoa eta Lieder-ak. 1795ean arrakasta handia lortu zuen Vienako entzulegoaren aurrean aurkeztean eta urte bete geroago Nurenbergen, Pragan, Dresdenen eta Berlinen eman zituen kontzertuetan, Frederiko Gilen II.aren aurrean jo zuelarik azken honetan. v 1796an gorreriaren lehen sintomak sumatu zituen. Eritasun hori areagotuz joan zitzaion, harik eta 1819an erabatekoa gertatu zen arte. Haren lagunen artean aipatzekoak dira Brunswick familia, Amenda eliz zuzendaria, Schuppanzigh biolin-jotzailea eta Schindler orkestra zuzendari eta geroago haren biografoa izango zena. Garai distiratsu hartan egin zituen bere lehen lan bikainak: Pianorako sonatak, Patetika deiturikoa horien artean dela (1799); Lehen sei hari kuartetoak (1800); Cuasi una fantasia edo Ilargi zuria sonata (1802); Piano eta biolinerako sonata edo Kreuzeri Sonata (1802). 1803an Bigarren Sinfonia argitsua egin zuen, Haydn eta Mozartengandik hain hurbil dena, eta jadanik Beethovenen izpiritua garbi erakusten duena. Waldstein kondeak, zeinari eskaini baitzion Aurora izena duen 21. sonata, garai hartako Vienako jende hautatuen aurrean ezagutzera eman zuen. Hala, 1809an Rudolf artxidukeak, Lobkowitz dukeak eta Kinsky jaunak bizimodua ziurtatu zioten errenta baten bidez. v 1802tik (Hirugarren Sinfonia) 1812ra (Zortzigarren Sinfonia) doazen hamar urteetan Beethovenen artea hedatu eta aberastu egin zen. Garai hartan, amodiozko adiskidetasunak argitua (Teresa eta Josefina von Brunswik, Maria von Erdödy, Bettina Brentano) eta etsipenak ilundua (Avalia von Sebald, Teresa Malfatti), lan bikain asko eman zuen argitara. Horietako zenbait: Piano, biolin eta biolontxelorako kontzertu hirukoitza (1804); Sonata op. 57, Appassionata deiturikoa (1804); Fidelio, Beethovenen opera bakarra eta arrakasta handirik gabe jokatua (1805); Laugarren Sinfonia (1806); Laugarren piano kontzertua (1806); Coriolan obertura (1807); Koru, orkestra eta pianorako fantasia (1808); Bosgarren eta Seigarren Sinfoniak, azken hau Pastorala ere deitua (1808); Sonata op. 81, Agurrak deitua (1809); Bosgarren piano kontzertua (18010); Egmont obertura (1810); Piano, biolin eta biolontxelorako trioa op. 97, Artxiduke ere deitua; Zazpigarren eta Zortzigarren Sinfoniak (1812). v Goetherekin elkartu zen 1812ko udan eta topaketak etsita Maite hilezkor-ari gutun bitxia idatzi zion, eta isiltasun aldian sartu zen. Gaixorik, heriotzak kezkatua eta estutasunak pairatuz, anaia hiltzean Karl ilobaren heziketa hartu zuen bere gain (1815), eginbehar honek buruhausteak areagotu zizkiolarik. Bitartean, arian-arian Vienako musikazaleen faborea Rossiniren eta, oro har, italiar musikaren alde lerratu zen. Aldizka etsipenean eroria bazirudien ere, aurrerantzean, bere lanean zuen fedea erakutsiz, etorkizuneko gizonentzat idatzi zuen musika. Gorreria eta bakartasunaren horma bikoitzaren barnean, azken urteetan musikaren historian idatzi diren lan miresgarrienetako batzuk egin zituen, XIX. mendeko musikaren bilakaera bideratu zutenak. Beethovenen aro honi dagozkion lanik nabarmenenak: azkeneko bost sonatak, Sonata Handia op. 106, Hammerklavier (1818) tartekoa delarik; Missa Solemnis (1822); Diabelliren bals bati buruzko 33 bariazioak (1823); Bederatzigarren Sinfonia (1824) eta azken sei kuartetoak (1824-1826). Estuasunek larritua eta osasun aldetik arras eroria, azken urtea tragiko izan zen Beethovenentzat. 1827ko martxoaren 26an hil zen; Vienak hileta ikusgarriak eskaini zizkion. v Haren lanaren bilduma handia 137 opus zenbatuek eta zenbakirik eman gabeko beste 205 lanek osatzen dute. Ohiko estetikak darabiltzan kanonen arabera Beethovenen lana sailkaezina da: ez da klasikoa, ezta erromantikoa ere. Hala, interpretazio orori ihes eginik, lan horrek formen etengabeko eztabaida baten lekukotza ematen du; hizkuntzari buruzko galdera beti irekia izanik, erantzuna behin-behinekoa baizik ezin izan daiteke. Indar moral menderagaitzaren adierazpidea, aldizka borondatearen, heroismoaren eta arraitasunaren garaipena kantatzen du, askatasunaren bidean barna abiaturiko gizonaren ideia baikorra hedatzen baitu.
- Bedoña
- Bedua
- beduino
- bee
- Beecher-Stowe, Harriet
- Beethoven, Ludwig van
- begardo
- begawandar
- begetatibo
- begi
- begibakar