Beasain
Gipuzkoako udalerria (Goierri). Mugak: iparraldean Beizama eta Azpeitia, ekialdean Ordizia eta Itsasondo, mendebalean Ormaiztegi eta Itsaso, eta hegoaldean Lazkao, Idiazabal eta Olaberria. Altuera 171 m. 29,9 km2. 1997ko datuen arabera, 12.348 biztanle (beasaindarrak). Auzoak: Aratz-Mantxinbenta, Arriaran, Astigarreta, Garin, Gudugarreta eta Beasain. Euskara, gipuzkera; hizkuntza banaketa 1996an: 6.799 euskaldun, 1.635 ia euskaldun eta 3.645 erdaldun. Oria eta Agauntza ibaiak igarotzen dira udalerritik. Industria da ekonomia jarduera nagusia. Beasainen dago CAF enpresa, bertan 2.000 langile inguruk egiten duelarik lan. v Historia Antzinatik izan ditu biztanleak. Donejakue bidearen eta, ondoren, Errege Bidearen ertzean zegoen herria edo parrokia zen Beasain XIV. mendean. Bertakoak ziren Iartza, Arriaran eta Murua leinuak. 1399. eta 1615. urteen artean, Ordiziako hiribilduaren mendean egon zen. 1619tik 1634ra arte Ataun eta Idiazabalekin batu zen, eta 1644an Ordiziarekin, hamar urtez. 1682an berriro batu zen Ordizia, Zaldibia eta Aramarekin, 1710era arte iraun zuen loturan. 1818an Atazalbea deituriko udal batasuna osatu zuen Ataun eta Zaldibiarekin batean eta 1852tik aurrera ordezkaritza zuzena izan zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan. 1936ko Gerra Zibilean, Beasain izan zen gudaroste faxistek hartu zuten Gipuzkoako lehen herri garrantzitsua, Nafarroatik hurbil izaki (1936ko uztailak 28).