Béart, Emmanuelle
Frantses antzezlea (Saint-Tropez, 1963). Guy Béart abeslari eta musikagilearen alaba. Bere lehenengo filma Demain les mômes (1976, Bihar mutikoak) izan zen. Ikasketak Kanadan egin zituen; han, Robert Altman zinemagilea ezagututa, antzezle egitea erabaki zuen. Frantziara itzuli zenean, arte dramatikoko eskolak hartu zituen, eta ondoren telebistan aritu zen. Caroline Hupperten telefilm batean Maria Antonietaren papera egin zuen. Antzerkian Marivaux, Molière, Anouilhen lanak antzeztu zituen. Zinemari dagokionez, Claude Berriren Manon des sources (1986) lanarekin bigarren antzezle onenaren Cesar saria eman zioten. 1989an Yannick Bellonen Les Enfants du désordre (Nahasmenduaren umeak) lanarekin arrakasta handia lortu zuen; lan horretan bazterturik bizi den pertsonaia bat lehenera etortzen da antzerkiari esker. Ondoren egin zituen La Belle Noiseuse (1991), Un coeur en hiver (1992, Bihotz bat neguan), Nelly et M. Arnaud (1995, Nelly eta M. Arnaud), L'Enfer (1994, Infernua), Une femme française (1995, Frantses emakumea).