Bayo, María
Nafar kantari lirikoa, sopranoa (Fitero, 1961). Ume-umetatik izan zuen kanturako zaletasuna, eta herriko elizan hasi zen kantari, ondoren Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan ikasteko. Oinarrizko ikasketak amaitu zituenean, Alemaniako Detmolden egin zituen goi mailakoak. Kantu lehiaketa ugari irabazi ostean (Logroñon eta Iruñean aurrenekoak, Italiako Callas lehiaketa, Vienako Belvedere eta beste hainbat ondoren), Alemanian bertan hasi zen aurreneko emanaldi profesionalak eskaintzen. Orduz geroztik, munduko opera areto garrantzitsuenetan aritu da, eta hogeitik gora disko grabatu ditu bakarka zein hainbat orkestraren laguntzaz –Euskadiko Orkestra Sinfonikoa barne–, baita Donostiako Orfeoiarekin ere. Errepertorio zabala du, baina bere ahotsaren ezaugarrien ondorioz Mozarten obren interpretazioan lortzen du mailarik altuena adituen ustez. Berak dioenez, Mozart, barrokoa eta frantziar errepertorioa dira gustukoen dituenak. Aria eta abestiez osatutako emanaldiak ere eskaini izan ditu, eta zarzuelari ere ez dio muzin egiten. 2000. urtean Haendelen musikari osorik eskainitako disko bat grabatu zuen, sari asko jaso duena.