Basaglia, Franco
Psikiatra italiarra (Venezia, 1924 - Venezia, 1980). Gorizako, Colornoko (Padua) eta Triesteko ospital psikiatrikoetako zuzendaria, sendabide berri ezohikoak erabili zituen, ospitale psikiatrikoen ingurunea aldatuz eta terapia taldeak sortuz, gaixo psikikoak beti barneratuak izatera behartu gabe, familian eta gizartean txertatzea lortu nahian. Basagliak gaixotasun psikikoaz zuen ikusmoldea zela-eta kritika eta eztabaida gogorrak sortu arren, haren proposamena onartua izan zen azkenik. Hala, gaixo psikikoei gainerako hiritarren eskubide berak ematen zizkien lege bat onartu zuen Italiako parlamentuak 1978an. Basagliaren zenbait lan: Instituzio ukatua (1968), F. Ongarorekin batera; Psikiatria instituzionalari buruzko oharrak (1969); Gehiengo baztertua (1971); Bake kriminalak (1973).