Basabürüa
Frantziako Iraultzara arte, Zuberoa banatuta zegoen hiru messagerie edo lege lurraldeetako bat, herrialde horretako erdi eta hegoaldean dagoena. Basabürüa bitan banatua ageri zen, bi degarie edo bic-etan («eskualde» adierazten duten hitz biarnesak): Val dextre “eskuinaldeko ibarra”, Alzai, Alzabeheiti, Aloze, Arhan, Gamere, Sarrikotagaine, Zihiga, Lakarri eta Sunharreta herriek osatua eta Val Senestre “ezkerraldeko ibarra”, Omizegañia, Atherei, Etxebarre, Haunze, Liginaga, Lexantzü, Ligi, Muntori, Astue, Zibaze, Zünharre, Atharratze, Iruri, Barkoxe, Santa-Grazi eta Larraine herriek osatua. Mugak: Arbaillak eta Lahünzeko mendiaz beste aldeko eskualdea, iparraldean; Biarno, ekialdean; Nafarroa Garaia, hegoaldean eta Nafarroa Beherea eta Arbaillak, ekialdean. v Hizkuntza. Basabürütarren berezko hizkuntza euskara da, zuberera (2.000 euskaldun inguru). Frantsesa oso hedatua dago; biztanle askoren lehen hizkuntza da. v Orografia. Menditsua hegoaldean, Nafarroa Garaiarekiko mugan ageri dira Euskal Herriko mendi gorenak (Lakura, 1.877 m; Otsogorrigaine, 1.916 m; Orhi, 2.021 m). Uraren poderioz egituraturiko arroil eta zintzurguneak ikusgarriak dira oso (Uhaijarre, Kakueta). Alde honetako ura bi uhaitz edo errekatara biltzen da nagusiki: Urdaiteko Uhaitza (Santa-Grazi) eta Larraineko Uhaitza (Larraine). Ligira heldu baino lehen bi errekek bat egin eta Uhaitzandi, Zuberoa zeharkatzen duen Aturri ibaiaren adarra, osatzen dute. Zenbat eta iparralderago, lauagoa da lurra. Oihan zabalak ageri dira, hegoaldean nagusiki (Larraine, Santa-Grazi, Haunze). v Biztanleria. Azkenaldi honetan murriztuz joan da Basabürüako biztanleria, eta orain dela ehun urteko biztanle kopuruaren erdira ere ez da iristen orain (4.347 biztanle, 1982). Emigrazioak bereziki jotako lurraldea da Basabürüa. Atharratze-Sorholüze da bertako herri handiena, merkatu eta turismogune garrantzitsua. v Ekonomia. Artzain eta nekazari herria, turismoak ez du oraintsu arte baizik garrantzirik hartu. Klimaren mendeko mendi ekonomia da: negu hotzak eta eurite ugariak urtaro guztietan. Industria aipagarririk ez dago.