Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Barrutia Basagoitia, Pedro

Ignazio. Euskal idazlea (Aramaio, 1682 - Arrasate, 1759). Arrasaten eskribau izan zen 1711tik 1752ra. Hego Euskal Herrian, Barrutia da lehen antzerkigile ezaguna. Haren lanaren aipamenik ez zela, Juan Carlos Guerra historialariak Acto para la Noche Buena izenburuko eskuizkribua aurkitu zuen, eta Azkueri bidali zion. Beronek Euskalzale aldizkarian argitaratu zuen 1897. urtean, garai bateko hizkuntzaren lekuko soiltzat harturik. Gabonetako Ikuskizuna-ren literatura balioa ez zen kontuan hartu harik eta Gabriel Aresti hartaz ohartu zen arte. Lan honek bizitasun eta mugimendu handiz Jesu Kristoren jaiotzaren misterioa oroitarazten du tragedia eta umorea batera emanez. Izan ere, erlijiozko teatro erromanikoaren tradizioaren barne kokatu beharrekoa da antzerki labur honetan herriko pertsonaiak —Barregarria, Mari Gabon, Tomas Tabernaria, Txato morroi alferra, etab.—. Ama Birjinarekin, San Josefekin, deabruarekin, aingeruekin eta abarrekin nahasian ageri dira. Ekintza bikoitza da, Belenen eta Arrasaten kokatua, iraganean eta orainean, bizitasun eta mugimendu handiz landua.  v  Hainbat argitalpen izan ditu: Euskera (1960), Auspoa (1965), ASJU (1981), Arabako Aldundia (1983). Halaber, 1982an antzeztu zuten Arrasaten.