Barrundia
Arabako udalerria (Arabako Lautada). Mugak: iparraldean Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Oñati, ekialdean Donemiliaga eta Agurain, mendebalean Arratzu-Ubarrundia eta Gasteiz, eta hegoaldean Burgelu, Dulantzi eta Iruraitz-Gauna. 99,47 km2. 1997ko datuen arabera, 582 biztanle ditu, aurreko erroldan baino zertxobait gehiago (barrundiarrak). Hizkuntza banaketa 1996an: 77 euskaldun, 21 ia euskaldun eta 451 erdaldun. Herrigune hauek osatzen dute udalerria: Audikana, Dallo, Etxebarri-Urtupiña, Etura, Elgea, Garaio, Gebara, Heredia, Hermua, Larrea, Marieta-Larrintzar, Maturana, Mendixur, Ozaeta (herriburua) eta Urizar-Zuatzola. Hizkuntza, gaztelania. Euskara XIX. mendean galdu zen gehienik, baina XX.mendean oraindik bizirik zirauen zenbait herrixkatan. Nekazaritza eta abeltzaintza dira ekonomia jarduera nagusiak.