Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

barroko

iz. eta izond. Art. XVI. mendean Italian sortu zen arte estiloa.  v  Barroko garaiko lanak apaindura ugariz hornitutakoak izaten dira; hori dute ezaugarri nagusia. Europa osora hedatu zen eta garrantzi handia izan zuen XVIII. mendera arte, arte klasikoak indar hartu zuen arte alegia. XVIII. mendean, neoklasizismoaren garaian, «bitxikieriazko» zentzua adierazteko hasi zen erabiltzen barroko hitza. Antzina, eraikuntzari buruz bakarrik erabiltzen zen barroko hitza, baina Wölfflin-ek bere ikerketak aditzera eman zituenetik, artearen alor guztietan erabili da. Hain zuzen ere klasikoaren kontrako zentzuan, literaturazko sorkuntzari dagokionez ere erabil baitaiteke barroko hitza.     Izatez esan daiteke artearen berezko joera batean duela jatorria barrokoak: oreka aldien ondoren ausardia handiko adierazpenetara lerratzeko ageri den joera alegia. XVII. mendeko barrokoaren sorreran (Errenazimentuaren azken aldiko artearen bilakaera gisa) eragin handiena izan zuten faktoreak bi izan ziren: Eliza katolikoak Kontraerreformaren ondoren, Trentoko Kontzilioaren ondoren bizi izan zuen garaipen aldia, eta erlijiozko arteari, batez ere Jesusen Lagundiaren bidez, eman nahi izan zion itxura handitasuna, batetik; eta bestetik, garai horretatik aurrera erregearen aginpideak izan zuen gorespen eta aintza. Bi faktore horiek eragin zuten arte barrokoak ageri duen ponpezia eta nabarmentasuna.  
 v  Arte Ederrak. Barrokoa hiru alditan banatu ohi da: barroko goiztarra (1580-1630 inguru), barroko heldua (1630-1680) eta azken barrokoa (1680-1750). Barrokoa Italian sortu zen lehenik, Errenazimentuko artearen berezko bilakaera gisa, eta geroago Austria, Bohemia, Alemania, Espainia, Frantzia eta Latinoamerikako herrialdeetara zabaldu zen. Kontraerreformaren izpirituarekin bat egin zuen, eta Elizak erreforma protestantearen aurka izandako lehian katolikoak irudi handi ospatsuen bidez liluratzeko tresna gisa erabili zuten katolikoek.
 v  Arkitektura. Sakontasuna lantzen duen konposizio modua, itxurazko efektuak —trompe l’oeil delakoa—, obra bere osotasunean hartzea —eta ez bere osagaiek banan banan harturik osatzen duten multzo gisa— dira barrokoaren ezaugarri formal batzuk. Apaindurazko oparotasuna nabarmena da, eraikuntzaren kanpoko aldetik eta barne aldetik, halako moldez non apaingarriak guztiz nagusitzen baitzaikie eraikuntzazko osagaiei. Lerro bihurriak eta apaindura zutabeak erruz agertzen dira. Ekaietan kolorezko marmola, urreztadura eta iztukuak ugari erabiltzen dira. Vignolaren Gesù eliza (Erroma, 1568) arkitektura barrokoaren aitzindaritzat hartua izan ohi da. Italian, estilo honetako arkitektorik garrantzitsuenak Maderno, P. da Cortona, Bernini, Borromini eta Juvara izan ziren. Frantzian, beranduko barrokoa edo rococo deiturikoa garatu zen. Alemanian Hogeita Hamar Urteko Gerra zela eta, lehen barrokoaren eraginik ez zen sumatu, baina XVIII. mendean bete-betean garatu zen estilo hau Frantziako rococo estiloaren eraginez. Ingalaterran arkitekturaren alorrean garrantzi gutxikoa izan bazen ere barrokoa, haltzarigintzan bi estilo eman zituen: Ana Erregina eta Chippendale. Espainian XVII. mendearen amaieran eta XVIII.aren hasieran churrigueresco izendaturiko arkitektura barrokoak maila garaiena iritsi zuen, Churriguera anaiak, Pedro Ribera, Narciso Tomé eta Casas Novoa artista behinenak direlarik.            
 v  Eskultura. Barroko aldiko eskulturak, bai irudietan, bai hilobietan, aldareetan edo iturrietan (Berninik eta bere laguntzaileek Erromako Navona plazan eraikitako Lau ibaiena) higidura bortitza, keinu gehiegikeria, aurpegikera behartuak eta jantzi eta ile nahasiak erakusten dituzte adierazpen patetikoak irudikatu nahiz. Bernini izan zen barrokoaren eskultore handia, eta haren eragin erabakiorra beste herrialdeetara hedatu zen. Espainian eskultura erlijioso berezia garatu zen, imaginería deiturikoa (elizetako irudiak, prozesioetako pasoak edo andak…): Gregorio Fernández, Martínez Montañés, Alonso Cano, Alonso Cano, etab. Frantzian, aldiz, gai profanoak erabili zituzten Coysevox, Coustou eta barrek.   
 v  Pintura. Diagonalean antolatutako konposizioak, ustekabeko ikuspuntuak, argilunak, kolore biziak dira, eskulturari buruz esandakoekin batera, pintura barrokoaren ezaugarrietariko batzuk. Gai eta irudi mota guztiak landu ziren, erlijiozkoak nagusi direlarik, rocoko estiloan salbu, hartan paganismo klasikoaren gaiak lantzen batira. Caravaggio hartzen da pintura barrokoaren sortzailetzat; haren estiloari jarraitu zioten bere garaiko eta ondorengo pintore handiek. Herbehereetan Rubens izan zen artista garrantzitsuena: berarekin batera holandar eta flandestar eskolek garapen handia izan zuten. Espainian Urrezko Mendea deituriko aroarekin bat etorri zen barrokoa. Grecorekin abiatu ondoren, XVII. mendean zehar hedatu zen: Velázquez, Ribera, Valdés Leal, Zurbarán, Murillo, etab.          
Barrokoa bestelako arte aplikatuetan ere bete-betean islatu zen, zilargintzan, bolizko langintzan, eta abarretan. 
 v  Literatura. Alor honetan ere barrokoa ez da adiera bakarreko hitza. Maiz aski, apaindurazko ugaritasunaz hornitua edo mami-azalak nahasiak ageri diren literatura idatziari barrokoa deitu ohi zaio, edozein delarik ere delakoaren sorrera aldia. Ikuspegi estilistiko hori alde bat utzirik, artearen beste arloetan bezala, XVII. mendearen inguruan sorturiko literatura da berez literatura barrokoa. Dena den, garai hartan Europako herrialdeetan oso egoera desberdinak zirenez, barroko literarioak ezagugarri bereziak izan zituen herri bakoitzean.    
Italiako poetika barrokoak adierazpen molde guztiz landua eta metafora ausartak erabili zituen, irakurlearen baitan harridura sortu nahiz. Giambattista Marinok (1569-1625), Adonis poemaren egileak, eman zion izena literatura mota honi: marinismoa. Antzertian, Commedia dell’arte finkatu egin zen. Daniello Bartoldi (1608-1681) jesuitak deskripzioz eta erretorikaz beteriko prosa jorian idatzi zuen.     
Frantzian XVII. mendean, Boileauren klasizismoaren ondoan, preziosismoa loratu zen, marinismoaren izpiritutik hurbil zegoen mugimendua alegia.
Ingalaterran ere marinismoarekin zerikusia zuen mugimendua garatu zen: eufuismoa, J. Lilyren Euphues eleberriaren izenburutik harturiko izena. Hala eta guztiz, barrokoagoa da zenbait poetaren lirika metafisiko kontzeptista ausarta: J. Donne, G. Herbert, R. Crashaw. 
Alemanian XVII. mendea oso gizaldi pobrea izan zen Hogeita Hamar Urteko gerragatik, baina hala ere barrokoak utzi zituen bere aztarnak: Martin Opitz-en Poesia alemaniarraren liburuxka barrokoaren agiritzat har daiteke, eta Paul Fleming (1609-1640), Abraham a Sancta Clara (1644-1709) eta A. Gryphius (1616-1664) dira garai honetako poesia alemanaren autore garrantzitsuenak. Prosan Grimmelhausen (1625-1676) nabarmentzen da bere Simplicissimus abeturazalea eleberri pikareskoarekin.     
Espainiako barrokoak funtsean Europakoaren ezaugarriak agertzen ditu: formetan nabarmena, ezkorra bere pentsamenduan. Eleberri pikareskoa, errealismo barrokoaren adierazpen garaiena, Mateo Alemánen Guzmán de Alfarache-ren ondoren loratu zen, Francisco de Quevedoren El Buscón eta beste askoren obrak plazaratu zirelarik. Luis de Góngora y Argoteren poesia mendebaleko lirikaren gailurretakoa da. Haren kulteranismoaren aurrean barrokoa ulertzeko beste estiloa, kontzeptismoa deiturikoa landuko zuen Quevedok. Antzertiari dagokionez, Lope de Vega eta Calderón de la Barca dira nagusi ageri: lehenak erretorika eta arau klasikoen mugak gainditu zituen erromantizismoaren aitzindari izanez; bigarrenak, kontzeptista eta kulteranoa biak batera den bertso modu bat erabiliz, joko dramatikoaren egiturak eraldatu zituen. Autore horiekin guztiekin batera, aipatzekoak diren beste autore anitzek toki gailenean ezarri zuten Espainiako Barrokoa.        
 v  Musika. Barroko musikala XVII. mendearen hasieratik XVIII.aren erdira hedatu zen, Monteverdirengandik Vivaldi, Händel eta Bachenganaino. Italia, Alemania eta Frantzia izan ziren berrikuntza aro honen gune garrantzitsuenak. Opera, oratorioa eta kantata garai honetan sortu edo finkatu ziren, hirurak Italian. Orduan ere beste zenbait genero garatu ziren: sonata, suitea, concerto grossoa eta sinfonia.        
 v  Barrokoa Euskal Herrian. Arte barrokoak XVII. mendearen bukaeran egin zuen sarrera Euskal Herrian. Gerrek eta kolonietako gehiegikeriek lehen krisi larria ekarri zuten XVI. mendearen bukaeran Espainiara eta, honen barnean, Hego Euskal Herrira; diru eskasia zela kausa, beheraldi handia izan zuen arteak. Kontraerreformaren izpiritua jaso zuten erlijio ordenei esker, ordea, Jesusen Lagundiari ezker bereziki, berpiztu egin zen. Euskal barrokoaren gorena XVIII. mendean etorri zen, Indietako Konpainiak eta Caracasko Errege Konpainiak bultzatuta.  v  Arkitektura. Lehen barrokoan (XVII. mendeko lehen bi herenak), eraikuntzak ez dira hain aberatsak (Infantado Dukeen jauregia Lazkaon eta Lohobiaga etxea Lapurdin). XVII. mendearen bukaeratik aurrera Hego Euskal Herriko barrokoa churrigueresco izeneko estilo oparoaren bidetik abiatu zen, eta orduantxe iritsi zuen gorena euskal barrokoak. Euskal Herriko erlijio eraikuntza barroko handiena, Loiolako Santutegia, garai honetakoa da (1681. urtean eraikitzen hasia). Frantzian nagusitu zen Luis XIV estiloak eragin eskasa izan zuen Hego Euskal Herrian. Azken barrokoan (XVIII. mende hasieratik aurrera), rococo eta Luis XIV estiloetan erabilitako elementuak nahasi ziren, Italiatik aurrez ekarritakoekin batera (Zumaran etxea Eibarren; Urizaharreko elizako korua). Loiolako Santutegiaz eta eraikuntza zibil ugariez gainera, aipagarriak dira Donostiako Santa Maria eliza (1743), Nafarroako Sorosladako San Gregorio Ostiense eliza (1765) eta Tuterako San Jorge eliza (1749).