Barroeta Anguisolea, Juan
Bizkaitar margolaria (Bilbo, 1835 - Bilbo, 1906). Hamabost urte zituela Madrila joan zen, bertako San Fernando Arte Ederretako Eskolan ikastera. 1856. urtean hirugarren saria jaso zuen Espainiako Arte Ederretako Lehen Erakusketan, La Resurrección de Lázaro koadroaz; 1859tik aurrera Bilbon bizi izan zen. Garai hartako gustuak asetzen zituen pintorea, ikuskari eta erretratu historikoez gainera, aldizkarietarako apainketa lanak eta opera kartelak egin zituen Barroetak. Lan nagusiak: La despedida de Cayo Graco, 1859; Chindasvinto y Leovigildo, Espainiako erregeei buruzko sail baterako prestatua, 1865; Alegría de la República, Bilboko Udalak agindua, 1873; Karlistadari buruzko lanak, 1874, Alfontso XII.aren erretratua, 1875; Egaña, Lersundi eta Novia de Salcedoren erretratuak, Bizkaiko Diputazioak eskatuak,1883; Fidel de Sagarminagaren erretratua.