bantu
iz. Etnogr. Afrikako Ekuatoretik hegoaldera zabaldu ziren hainbat herri eta etniari ematen zaien izena. XVI. mendetik aurrera, zuriek bideraturiko esklabo-salerosketa eta kolonialismoaren gorabeherak jasan dituzte bantu herriek (bangada, kikuyu, zulu…). XIX. mendean zuluak kolonoen aurka altxatu ziren eta estatu bat osatu zuten Hegoafrikan (1815). Matabele herria Zinbabuen egokitu zen eta alemaniarrek herero herria sakailatu zuten Namibian 1904. urtean (65.000 hildako). Hegoafrikako eta Namibiako bantu herriak appartheid politika arrazistaren mende bizi izan dira orain arte. v Hizkuntza. Bantuen arteko batasuna hizkuntzarena da nagusiki. Douala (Kamerun) eta Jubbah ibai bokalaren arteko lerrotik hegoalderako hizkuntzak hartzen ditu, Kenyako eta Tanzaniako zenbait hizkuntza, Niloko herrien gisakoak, eta boskiman-hotentote hizkuntzak izan ezik. Hiru talde nagusi bereiz daitezke bantu hizkuntzen artean: mendebalekoak, ekialdekoak eta hegoaldekoak. Mendebalekoak: duala (Hego Kamerun), fang edo paguin (Kamerun, Gabon, Ekuatore-Ginea), lingala (Zaire), txokue, lounda eta mbudu (Angola), herero (Namibia). Ekialdekoak: kikuyu (Kenya), ganda (Uganda), ruanda (Ruanda), swahili, txanbala, txagga eta nyamwezi (Tanzania), luba (Zaireko hego-ekialdea), ngamya (Malawi), bemba (Zambia), seona (Zinbabue), tsonga (Mozambike). Hegoaldeko bantu hizkuntzak: zulu eta xosa (Natal), swazi (Suazilandia), tswana (Botsuana), sotho (Lesoto). Swahilia da garrantzitsuena, hainbat herriren artean lingua franca gisa erabiltzen baita.