banpiro
iz. Animalien odola xurgatzen duen saguzarra (Fam. Desmodontidae). || Sineskerien arabera, gauez hilobitik irten eta bizidunen odola xurgatzen duen hildakoa. v Banpiroaren gorputzak 8 cm inguru izaten ditu luze, baina hegoak zabaldurik 35 cm zabal izatera irits daiteke. Ilea gorrixka izaten du alboetan; azpialdean berriz arrea, eta ilerik gabeko aldeak gorriak izaten ditu. Erdiko Amerikako eta Hego Ameriketako tropiko aldeetan bizi da, eta abereen eta piztien odola edanez bizi da. Gauez bakarrik mugitzen da; egunez leizeetako hormetan zintzilikaturik egoten da. Gauero animalia berberari hozka egiteko ohitura du; lotan dagoela, azal meheena duen lekuan hozka egiten dio. Banpiroaren listua koagulazio eragozlea da, eta horregatik ordutan jarraitzen du odola dariola hark egindako zauriak. Amorrua eta beste eritasun asko transmititzen ditu. v Ameriketako banpiroa (Vampyrus spectrum). 70 cm-ko hego zabalera izan dezake; belarri handiak ditu, eta sudur gainean muttur bat. Intsektuak eta basoko fruituak jaten ditu. v Herrialde batzuetako biztanleen ustez, gauez bere hilobitik irten eta bizidunen odola xurgatzen duen hildakoa.