Bangladesh
(Izen ofiziala, Bangladeshko Herri Errepublika; bengaleraz, Gana Prajatantri Bangladesh, «Bengalarren Herria»). Asiako estatua, indiar azpikontinentearen ipar-ekialdean. Mugak: India, mendebaldean; Birmania, hego-ekialdean eta Bengalako Golkoa, hegoaldean. 143.999 km2 eta 147.365.352 biztanle (2008, bangladeshtarrak). Hiriburua: Dhaka. Hizkuntza ofiziala, 1988. urteaz gero: bengalera. Dirua: taka. Erlijioak: islama (sunniak, % 83,8); hinduismoa (% 16,3). Bangladesh Ekialdeko Pakistan izan da, 1971. urtean Pakistandik banatu zen arte. ■ Munduko biztanle dentsitate handiena duten herrialdeetako bat da Bangladesh, handiena ez bada: 912 biztanle kilometro koadroko (Euskal Herriko dentsitatea, adibidez, 145 bat biztanle kilometro koadroko da); eta orobat da munduko herrialde pobreenetako bat. Biztanle gehienak nekazaritzatik bizi dira. Urteko batez besteko diru sarrera, 1990. urtean, pertsonako 200 dolarrera ez zen iristen. Bangladeshtar gehienak bengaleraz mintzatzen dira, eta bengalar kultura berezi bat dute, Indiako estatua den Bengala Mendebaldekoaren berdina. Bangladeshek eta Bengala Mendebaldekoak Britainiar Indiako Bengalako probintzia osatzen zuten, eta eskualde osoari, oraindik ere, Bengala deitzen zaio informalki. ■ Bangladesh zabaldi handi bat da, Ganges eta Brahmaputra ibaien deltaren ekialdeko erdia hartzen duena. Zabaldi hori sarritan astintzen dute zikloiek eta ibaien urteroko hazialdiek, eta zenbaitetan izugarri uholde larriak izaten dira (1974, 1987, 1988, 1991). Urte horietan uholdeek udako uztak suntsitu zituzten, etxeak txikitu, eta jendea eta azienda ito zen; 1960 eta 1970 urte bitartean, bederatzi zikloi izan ziren, uholdeekin bateran, urria-abendua sasoian. 1991ko maiatzeko uholdeek eta zikloiak 250.000 hildako eragin zituzten, 2,7 bilioi dolarreko kalteak egin zituzten, eta berez pobrea zen herria suntsitu zuen. Bangladesh montzoi lurra da, eta euriteak ere oso gogorrak izaten dira: apirilean hasten da euria, hilabeterik beroenean, eta orduan hasten dira nekazariak lurra goldatzen. Ekainean hasten da montzoia, bat-batean eta erasoaldi handietan; euri jasak hiru hilabetez luzatzen dira, eta azaroa arte jarraitzen dute. 1988. urtean montzoi euriek 2.000 lagun hil zituzten, eta 30 milioi lagun etxerik gabe geratu ziren. Baldintza natural horiek direla-eta, oso lan handiak egin beharra dago. Egun mendixka artifizilak eraikitzen ari dira biztanleak eta ondasunak Ganges eta Brahmaputra ibaien hazialdietatik babesteko. ■ Biztanleak. Bangladesh da munduko herrialde populatuenetako bat, munduko hamargarrena. 2000. urtean, 140 milioi bat biztanle izatera iritsi da. Biztanleria landaldean bizi da gehienbat (% 75), eta urteko % 2 hazten da (1997ko estimazioak). Hazkunde tasa handi hori zama ikaragarria da berez arazo latzak dituen herri honetan. Hirugarren munduko herrialde gehienetan bezala, biztanleak oso gazteak dira: biztanleriaren erdia ia hamabost urtetik beherakoa da. Haur hilkortasuna azken urteotan zerbait jaitsi den arren, oraindik ere oso handia da, 1.000 laguneko 110 ingurukoa. Bizi itxaropena 60 urte ingurukoa da, eta biztanle alfabetatuak % 38 inguru dira: % 49,4 gizonezkoak, eta % 26,1 emakumezkoak. Pobretasunaren mailatik behera daude biztanleen % 35,6 (1995-96ko estimazioa), eta langabezia % 35,2 da (1996). ■ Ekonomia. Alubioizko lur emankorrak egokiak dira arroza lantzeko, eta, hala , 1996an 28 milioi tonatik gora arroz jaso zen (munduko laugarrena). Bestalde, esportaziorako lantzen dira jutea eta tea (52.000 tona 1994. urtean). Lurpeko aberastasunei dagokienez, gas naturala kalitate onekoa da, eta 5.200 milioi metro kubikoko ekoizpenera heltzen da. Industrian dago Bangladeshen etorkizuna, ehungintzan hain zuzen: industria sektorearen % 38 hartzen du, eta ondoren elikagai industria dator, balio erantsiaren % 23arekin. Garapenerako behar diren gastuen parte handi bat atzerrian (batez ere Ekialde Hurbilean) dauden langileen dibisen bidez finantzatzen da, eta Chittagong eta Dhaka dira ekonomiagune nagusiak. ■ Bangladesh munduko herrialde atzeratuenetako bat da. Hazkundearen eragozpen handienak zikloi eta uholde sarriak dira, estatua jabe den enpresen eraginkortasunik eza, langile kopuru gero eta handiagoa –nekazaritzak ezin hartu duena–, energia baliabideak (gas naturala batez ere) ustiatzeko nekeak, energia indarraren hornigai desegokiak, eta ekonomia berrikuntzak bideratzeko moteltasuna. ■ Historia. Azken urteak. Ingelesen kolonizazioaren bukaera aldean, inperio indo-britainiarreko Bengalako eskualdea osatzen zuten hizkuntza, erlijio eta historia desberdineko herriak bi multzo handitan banatu zituzten, erlijio nagusien arabera: Indiak gehienbat tradizio hinduko herriak bildu zituen, eta herri musulmanak berriz Pakistanek. Hala, Bengala bitan banatu zen: alde hinduista Indian geratu zen eta alde musulmanak Ekialdeko Pakistan osatu zuen (egungo Bangladesh). Hizkuntzaz, ordea, biak bat dira (bengalera). Bangladeshko errepublika sortu zenez geroztik (1971ko abendua), arazoak baizik ez ditu izan, eta, oro har, militarren gorabeheren mende egon da gobernua. 1991. urtean egin ziren lehen hauteskunde libreak, eta Bengalako Alderdi Nazionala (BNP) izan zen garaile, Khaleda Zia beguma, Rahman lehendakari ohiaren alarguna, Lehen Ministro zuena. Arazo larriei aurre egin behar izan zien alderdi honek, besteren artean 1991eko uholdeei. Bestalde, gehiengo musulmanaren eta gutxiengo hinduaren arteko harreman zailalak, independentzia lortu zenez geroztik maiz borrokaldi gogorretan lehertu izan zirenak, 1993an atera ziren argitara, fatwa batek (heriotza epaia ekarri ohi duen iritzi juridikoa), Taslima Nesrein idazlea bere Lodja (“Lotsa”) liburuan agerturiko iritziak kondenatu zituenean –liburuan Bangladeshen hinduek pairatzen duten esetsaldia salatzen zen, giza saldo batek, Ayodhyako indiar hirian, hinduen lur sakratuan eraikitako meskita bat suntsitu zuenetik. 1994. urtean krisi politiko larri bat sortu zen, hurrengo bi urteetan ere grebekin-eta jarraitu zuena, eta ondorio latzak izan zituen gobernuarentzat eta Lehen Ministroarentzat. 1996ko otsailean egin ziren hauteskundeetan boikota egin zioten gobernuari, eta oposizioak hauteskundeak salatu zituen. Emaitzen manipulazioa agerikoa izan zen, eta hala Khaleda Ziak bere postua galdu eta Habibur Rahman izendatu zuten gobernuburu, Epaitegi Goreneko lehendakari ohia. Urte horretako ekainerako hauteskundeak egiteko deia egin zuen; hauteskundeak Awami ligak irabazi zituen, eta haren liderra, Hassina Wajed, Habibur Rahman “nazioaren aitaren” alaba, izendatu zuten Lehen Ministro. Ganges ibaiaren uren banaketaren arazoa eta itsaspeko lurrena –aberatsa baita gas hobietan–, Indiarekiko arazo larrien sorburu da gaur egun. Dena den, gobernuko Awami Ligak ahalegin handiak egin ditu atzerritar inbertsioak erakartzeko bideak bilatuz, eta kapitalen sarrerak eta irteetak erraztuz; hala adibidez, negoziazioak egin ditu atzerritar enpresekin petrolio eta gas ikerketarako, gasaren banaketa hobetzeko, eta gas naturaleko hodiak eta argindar zentralak eraikitzeko. Gainerako ekonomia erreformak atzeratu egin dira, burokraziak eta beste interes taldeek jarritako oztopoengatik. 1998an, uholde larriak izan ziren, 20 milioi lagunen bizitza arriskuan jarri zutenak. Ale ekoizpena 4 milioi tona jaitsi zen, eta gobernuak hirukoiztu egin behar izan zituen ohiko ale inportazioak; horren ondorioz, biziki desorekatu zen Bangladesheko ordainketa balantza. Uholdeen ondorioz halaber, areagotu egin zen kanpoko laguntzarekiko mendekotasuna. Dirudienez, Asia Ekialdeko finantza krisiak ez du eragin handirik izan Bangaldesheko ekonomian. 2001tik 2006ra Khaleda Zia izan da berriz Bangladeshko lehendakaria.
http://www.bangladesh.gov.bd/