Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

banbu

iz. Bot. Banbuseoen generoko landarea, gariaren familia berekoa. Banbua kanabera mota bat da, zurtoin zuzen eta luzea duena; zurtoinaren adabegietatik adar ugari ernetzen dira. Hostoak lantza itxurakoak ditu eta banbu mota batzuen fruitua laboreen antzekoa da. Gehienetan, banbuak taldeetan hazten dira, errizoma bakar batetik. Mota askotako banbuak daude, 700dik gora; gehienak tropiko aldekoak dira, baina badira leku hotzetan hazten direnak ere. Banbu arruntak (Bambusa arundinaria) 20 m-tik gora neurtzen du eta 20 cm-ko diametroa izaten du. Landare honen kanabera, arina eta sendoa baita, lehengai nagusia da Ekialdeko herrialde askotan; hala, etxegintzarako oso erabilia da eta baita altzariak, armak, musika tresnak, ontzitxoak eta beste hainbat gauza egiteko ere. Hostoak tearen kaxak biltzeko erabiltzen dira eta azala papera egiteko egokia da. Adabegietatik azukrearen moduko gaia ateratzen da. Zenbait banbu motaren zurtoin gazteak jan egiten dituzte Txinan eta Japonian.