Banda, Hastings Kamuzu
Malawiar politikaria (Kazungu, 1906 - Johannesburgo, 1997). Bere jaioteguna (1906-05-14) gutxi gorabeherakoa da, legez debekaturik baitago horri buruzko susmoak egitea. Txewa tribuko nekazari familia batean jaio zen. Estatu Batuetan eta Britainia Handian medikuntza ikasketak egin zituen, eta azken herrialde honetan lan egin zuen mediku gisa. 1958an bere herrira itzuli zenean, zurien mendean zegoen Rodesia eta Nyasaland-go Federazioaren aurkako kanpaina gidatu zuen. Hurrengo urteko matxinaden ondoren, koloniako agintari britainiarrek atxilotu egin zuten, baina 1960an askatu zuten, Nyasaland-go independentziaren transizioaldian laguntzeko. 1963an gobernuaren buruzagitza bereganatu eta, hurrengo urtean, Nyasaland, Banda Lehen Ministro zuela, Commonwealth-eko kide independentea bilakatu zen Malawi izenarekin. 1966an Malawi errepublika aldarrikatu eta presidente bilakatu zen Banda. 1970ean bizitza guztirako luzatu zuen kargua. 1967an Hegoafrikara hurbiltzen hasi zen, eta 1971n bera izan zen Hegoafrika ofizialki bisitatu zuen Afrikako lehen estatu-burua. 80ko hamarkadan gogorki gobernatu zuen, baina hurrengo hamarkadaren hasieran oposizioa eta Malawin giza eskubideak babesteko nazioarteko presioa areagotu egin ziren, eta 1994an, independentzia lortu zenetik Malawin egin ziren alderdi anitzeko lehen hauteskundeetan, lehendakaritza galdu zuen.
- banbu
- banbusa
- banbuseo
- Banca
- Banda Uharteak
- Banda, Hastings Kamuzu
- banda
- bandalo
- Bandar Seri Begawan
- Bandaranaike, Sirimavo
- Bandaranaike, Solomon Dias