Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Balear Uharteak edo Balearrak

Mediterraneo itsasoko uhartedia, Espainiako estatukoa, lau uharte nagusik (Mallorca, Menorca, Ibiza eta Formentera) eta beste uharte txikiago ugarik (Cabrera, Dragonera eta Conejera garrantzizkoenak) osatua eta Balearretako Uharteetako Autonomia Erkidegoa egituratzen dutena. 5.014 km2 eta 685.088 biztanle (1981, 137 biztanle/km2-ko). Hiriburua: Palma (edo Ciutat) de Mallorca. Hiri nagusiak: Formentor, Ibiza, Mahon, Pollensa, Soller.  v  Orografia. Gehienak erliebe apaleko uharteak diren arren, bi mendilerro bereiz daitezke Mallorca uhartean, Mendikate Betikoaren jarraian (Puig Major, 1.452 m). Ibizako mendiak apalagoak dira (Talaiasa, 475 m). Klima Mediterraneokoa da, tenperaturak gozoak (5-35°) eta euriteak urriak (550 mm urtean).  v  Ekonomia. Balear Uharteak turismo lekuak dira batez ere, berezko aberastasunek horretarako aukera bikaina eskaintzen baitute: hondartzak, arte monumentuak (Palmako Katedrala eta Lonja; Ibizako hiri multzoa, Menorcako monumentu megalitikoak, Drach haitzuloak, etab.). Nekazaritza (fruituak eta barazkiak), abeltzaintza, eskulangintza, ehun langintza eta Mallorca inguruko industria dira gainerako baliabide ekonomikorik garrantzitsuenak. Son Sant Joan, Palma Mallorcakoko aireportuak, Espainiako aire trafiko handiena bideratzen du.  v  Historia. Balear herria izan zen bertako lehen biztanlea; gero, feniziarren, greziarren eta erromatarren kolonizazioa jasan zuten Baleareetako Uharteek. Bandaloen eskuetan egon ondoan, VIII. mendean arabiarrak egokitu ziren han. Lau mende luze eman ondoren, Jaume I.a Kataluniako erregeak konkistatu (1229) eta Mallorcako erreinua osatu ondoren, Aragoiko koroaren parte bihurtu ziren (1349). Errege Katolikoen garaian (XV m.) Espainiako koroapean geratu zen eta bi mende t’erdi geroago Menorca ingelesen esku gelditu zen (1713, Utrecht-eko Ituna). 1802. urtean Menorca Espainiako koroaren eskuetara igaro zen berriz ere. Balear Uharteak Paisos Catalans deritzaien herri katalanen multzoaren osagarri dira, Katalunia, Valentzia (Pais Valencià) eta Rosellon lurraldeekin batera.  v  Hizkuntza. Balear Uharteetako hizkuntza katalana da (balear dialektoa, ekialdeko katalana). Gaztelaniarekin batera, katalana hizkuntza ofiziala da Balear Uharteetan. Balearretako dialektoan hiru azpi-dialekto bereizten dira: mallorquí, menorquí eta eivissenc (Mallorcakoa, Menorcakoa eta Ibizakoa).