Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

balea, bale(n)

iz. Zool. Itsas ugaztuna, egungo animalia handiena, ahoa adarkizko xaflez hornitua duena (Balaena mysticetus; Eubalaena glacialis).  v  Gaur egungo animaliarik handiena da; 30 m inguru izaten da luze eta 150 t-ko pisua har dezake. Larrua leuna, ilerik gabea du, eta haren azpian 50 cm-ko gantz geruza du. Baleak, beste zetazeoak bezala, ur azalera igo behar izaten du arnasa hartzera, ugaztuna izaki, oxigenoa airetik hartzen du eta. Aurreko gorputzadarrak hegats bihurtuta ditu igeri egiteko, gorputzaren alde banatara. Isatsa etzana du eta ez zutik arrainek bezala. Ahoan ez du hortzik, horien ordez adarkizko xaflak eta bizarrak ditu eta mihi luzea ere bai. Oskoldun txikiak, algak eta planktona janez elikatzen da; horretarako, bizarretatik barrena ura xurgatu eta kanporatu egiten du atzera, eta hala urarekin batera sartzen zaion janaria bereganatzen du. Bizarren eginkizuna janariari eustea da, horregatik dute sarearen tankera. Arnasa hartzeko bi zulo ditu buru gainean eta ur azpitik azalera igotzen denean, indar handiz jaurtitzen du kanpora biriketako airea bi zulo horietatik. Jaurtitzen duen ur txorrotadari esker jakiten zuten arrantzaleek balea non zegoen. Balea luzaro egon daiteke ur azpian, bihotza poliki mugitu eta giharretan mioglobina ugari duelako. Baleak ume bakarra izaten du aldiko.
 v  Bale arrantza. Balearen arrantzak garrantzi handia izan du Euskal Herriko kostaldeko herrien ekonomian Erdi Aroaz geroztik. Balea Kantauri itsasoetatik urrundu zenean, euskal arrantzaleak atzetik joan ziren; halaxe iritsi ziren Ternua eta Kanadaraino.
 v  Balearen ekonomia. Balearen parte guztiak aprobetxatzen dira. Hala, lumera, giharre eta hesteetatik xaboiak egiten dira; gibeletik olioa; guruinetatik intsulina, kortisona eta beste hormonak lortzen dira, eta haragia oso estimatua da jateko. Gaur egun, garai bateko eskuzko arpoiaren ordez, arpoi leherkaria jaurtitzen zaio baleari kanoi berezi batez. Kanoi hori 1860an asmatu zen; ordurako, ordea, hainbat bale mota desagertzen hasiak ziren. Hori dela eta, hainbat hitzarmen izenpetu dira nazioen artean bale arrantza debekatzeko. Gaur egun, ia munduko herrialde guztiek dituzte akordio horiek sinatuta; hala ere, balea harrapatzen segitzen da eta desagertzeko arriskuan dago.
 v  Bale motak. Balea deritzen zetazeo mistakozetoen azpiordenaren barruan hiru familia daude: balenidoak, errakianektidoak eta baleopteridoak.  v  Bale urdina. Bale mota guztien artean handiena (Balaenoptera musculus). Gorputz urdina du eta ahotik isatserainoko ildoak ditu azpialdean. Ozeano guztietan bizi da, baita tropikoetan ere. Hamar-hamaika hilabeteko umealdia izaten du.  v  Eubalaena glacialis. Bale motarik zabalduena da. 15-20 m izaten da luze, beltza eta Ozeano Atlantikoan bizi da batez ere.  v  Ipar Buruko balea. Sardako balea ere deitua. Euskaldunek Ternuan harrapatzen zutena (Balaena mysticetus). Gorputza lodia du, burua bale urdinak baino handiagoa, eta ez du ildorik sabelaldean. 20 m inguru izaten da luze. Europako Ipar Buru aldeko itsasoetan galdu bada ere, Bering Itsas aldean bizi da oraindik.