Baktiar, Shapur
Irango politikaria (1915 - Paris, 1991). Sorbonan egin zituen ikasketak. 1946an Iranera itzuli zen, eta Lan ministrorde izan zen Mossadeghen gobernuan. Esetsi egin zuten sha agintean zegoenean, haren gobernuari egindako kritikak zirela-eta, baina shak berak Lehen Ministro izendatu zuen, erresistentziako liderra hautatuta bere agintearen gainbehera saihestu ahal izango zuelakoan. Shak Irandik ihes egin behar izan zuen, ordea (1978ko abendua), nahiz eta Baktiarrek Khomeini itzultzeko baimena eman zuen. Baktiar Khomeinik islamiar errepublika ezartzeko zituen asmoen kontra azaldu zen, ordea, eta berak ere kargua utzi behar izan zuen (1979ko otsaila). Erbestean, Irango islamiar gobernuaren kontrako Irango Erresistentzia Mugimendu Nazionaleko burua izan zen. Parisen hil zuten, jarduera horren ondorioz.