Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bahrain

(Izen ofiziala, Bahraingo estatua; Arab. al-Bahrayn, «Bi itsasoak»). Asiako hego-ekialdeko herrialdea, Persiako golkoko hegoaldeko uhartedi batek osatua, Saudi Arabiaren eta Qatarko penintsularen mendebaldeko kostaren artean. Sei uharte txikik (Muharrak, Nahib Salih, Sitra, Umm al-Subban, Djida eta Umm Nasan) eta Bahrain uharte nagusiak (578 km2) osatua da. 692 km2 eta 698.585 biztanle (2007, bahraindarrak). Hiriburua: Manama (Muharrak da bigarren hiri garrantzitsua). Hizkuntza ofiziala: arabiera. Erlijioa: musulmana (erritu sunnia hirietan, xiia gainerako guneetan). Hizkuntza ofiziala: arabiera. Dirua: Bahraingo dinarra. ■ Biztanleak. Bahraingo biztanle gehienak iparraldean bizi dira, eta biztaleen erdia baino gehiago hartzen dute estatuko bi hiri nagusiek. Gehienak arabiarrak badira ere, gutxiengo indiar, pakistandar eta irandarra ere kontuan hartzekoak dira. Biztanle dentsitatea oso handia da (987 bizt/km2, 2007an), eta baita hazkunde tasa ere (% 2,79, 1992an). ■ Ekonomia. Bahraingo ekonomiaren oinarria petrolioaren industria da, eta herrialdearen kokagune estrategikoak ere garrantzi handia du ekonomian, Persiako golkoko garrantzi handiko merkataritza eta negoziogunea bihurtu baita. Petrolioaren ekoizpenak eta langintzak hartzen du esportazioen parte handi bat (% 60), eta barne produktu gordinaren % 30 osatzen du. Dena dela, eta petrolio erreserbak ez agortzeko beste industria batzuk sortu diren arren, herrialdeko ekonomia petrolioaren mende dago, eta arazo larriak sor daitezke petrolioaren prezioen gorabeheren eraginez, edo 1990-1991 urteetan Persiako golkoan sortutako krisiaren antzeko egoeretan. Arazo ekonomiko nagusiak langabezia (gazteen artean batez ere), eta petrolio eta lurpeko ur erreserben agortzea dira. 1986an Fahd erregeak Bahrain Saudi Arabiarekin lotzeko egindako errepideari esker gora egin du turismoak. ■ Gobernua eta administrazioa. Bahrain monarkia absolutista bat da; emirra da buruzagia, eta heredentziaz jasotzen da titulua. 1999an Amir Hamad bin Isa Al Khalifak hartu zuen emir kargua. Kontserbadurismo islamiar tradizionalista da Bahraingo gobernuaren politikaren ezaugarri nagusia. Administrazioko zereginak ministro talde batek betetzen ditu. Alderdi politikoak debekatuta daude. ■ Historia. 1971n, burujabetasuna aldarrikatu ondoren, konstituzio bat onartu zen 1973an, emirraren ahalak murrizten zituena (besteak beste, Nazio Biltzarra sortzea proposatzen zuen), baina indar gabe utzi zen handik bi urtera. Gaur egun ezkerreko talde eta talde islamiar fundamentalista askok ezkutuan dihardute; 1994az gero gorabeherak eragiten dituzte xiiek, tarteka, Nazio Biltzarra berriro antolatzea eta langabezia murrizteko neurriak hartzea eskatuz. Oro har Mendebaldeko herrialdeen aldera jo izan du Bahrainek politikan, eta 1991ko Persiako golkoko gerran esaterako, Estatu Batuek antolaturiko nazioarteko taldearekin bat egin zuen. 2002an udal hauteskundeak egin ziren eta 2004an, berriz, legebiltzarrerako hauteskundeak.
http://www.e.gov.bh/wps/portal