Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bahamak

(Izen ofiziala, Bahametako Commonwealth; Ing. Bahama Islands). Ozeano Atlantikoko uhartedia, Antilla Handien iparraldean, Antilletako estatu burujabea eta Commonwealtheko kidea. 13.955 km2 eta 301.790 biztanle (2005, bahamarrak). Hiriburua: Nassau (New Providence uhartean). 700 bat uhartek osatzen badute ere, berrogei uhartetan bakarrik bizi da jendea. Uharte nagusiak: New Providence, Andros, Grand Bahama, Abaco Handia, Inagua, Eleuthera. Gizatalde nagusiak: afrikar jatorrikoak (% 85), europar jatorrikoak (% 14,8). Hizkuntza ofiziala: ingelesa. Erlijioa: protestantismoa (% 56, baptistak batez ere). Dirua: Bahametako dolarra. ■ Biztanleak. 1995 inguruko biztanleriaren hazkundea urteko % 1,6koa zen; hazkunde horretan garrantzi handia du Estatu Batuetara emigratzeko asmoarekin Bahametara iristen diren dominikarren, jamaikarren eta haitiarren emigrazioak. Barne produktu gordina inguru hartako altuena da, eta 1994an NBEk giza garapena oinarri harturik egindako sailkapenean hogeita hamaseigarren herrialdea zen. Oso biztanle dentsitate txikia du, eta biztanleen erdia Nassaun bizi da. Freeport (Grand Bahama) da bigarren hiri nagusia. Ingelesaz gainera pidgin english dialekto kreolea ere erabiltzen da. ■ Ekonomia. Bahametako ekonomiaren oinarria turismoa da. Estatuko diru sarreren % 60 hartzen du turismoak, eta langileen bi heren inguru. Hiru milioi bisitaritik gora hartzen dituzte Bahamek urtean, Estatu Batuetakoak gehienak. Dena dela, azpimarratzekoa da finantzagune gisa Bahamek hartu duten garrantzia. Izan ere, bertako bankuek banku sekretua eta zerga abantaila handiak eskaintzen dizkiete beren bezeroei. Nekazaritza bigarren mailako jarduera da. Gehien lantzen diren gaiak azukre kanabera, piña tropikala, bananak eta sisala dira. Arrantzak garrantzi handia du, batez ere oskoldunenak; hori da gehien esportatzen den gaia. Industriari dagokionez, nekazaritzako gaien eraldaketa, kontserba lantegiak, azukre findegiak eta ron destilategiak dira aipagarriak. ■ Kanpo merkataritzan galera handiak dituzte Bahamek, kanpotik (Estatu Batuetatik bereziki) ekarri behar dutelako elikagai eta eskulan asko, eta oso gai gutxi esportatzen delako. ■ Gobernua eta administrazioa. Bahametako Commonwealtha monarkia burujabea da. Britainia Handiko erregea da estatuburua, eta Bahametako gobernadore orokorra da haren ordezkari. Aginpide betearazlea Lehen Ministroaren eta haren kideen esku dago, eta aginpide legegilearen ardura duen bi ganberako legebiltzarraren (senatua eta nazio biltzarra) konfiantza behar du. ■ Historia. 1973az geroztik estatu burujabe eta Commonwealtheko kide dira Bahamak. 1977tik aurrera, Lynden O. Pilding liberalak izan du aginpidea Bahama uharteetan 1980ko hamarraldia bitartean, baina harrezkero, langabezia handia eta gobernuaren ustelkeriaren kontrako salaketak zirela-eta oposizioa indartu egin da. Azkenik, 1992ko legebiltzarrerako hauteskundeetan Nazio Askapenerako Mugimenduak lortu zuen garaipena, eta Hubert Ingraham izendatu zuten Lehen Ministro. 1990eko hamarraldian atzeraldi ekonomikoak arazoak sortu ditu egoera politikoan ere, turismoan kalteak izan baitira. Estatu Batuetako senatuak, bestalde, narkotrafikoaren kontrako borrokan laguntzarik ematen ez duelako eta dirua zuritzeko aukera ematen duelako salatu du Bahametako gobernua.
http://www.bahamas.gov.bs/