Babbitt, Milton Byron
Estatu Batuetako musikagilea (Filadelfia, 1916). Roger Sessions musikagile estatubatuarraren ikaslea izan zen, eta Princetongo Unibertsitateko irakasle izendatu zuten 1938an. 1943-1945 bitartean eta unibertsitate hartako Matetamatika Fakultateko kide zela egin zituen ikerlanen ondorioz, Egitura finkoaren eginkizuna sistema dodekafonikoan artikulua argitaratu zuen 1946an, Schöenberg musikagilearen konposatzeko metodoari buruzko lehen ikerketa zentzuzko eta sistematikoa. 1959an, New York-eko Columbia Unibertsitatean Columbia-Princeton Musika Elektronikoaren Zentroa sortu zuenetako bat izan zen, eta 1950eko eta 1960ko hamarkadetan musika jasoan elektronika erabiltzen zutenen musikagile nagusietako bat. Hasieran Varèse eta Stravinski-ren musikak erakarri bazuten ere, konposatzaile gisa Webern-en eta Schöenberg beraren sistema konbinatorioak hedatu eta sintetizadorea musika jotzeko eta konposatzeko tresna bihurtu zuen; musikagileak konposizio oinarriei buruzko erantzukizun eta kontrol guztiak bere gain hartu behar dituela ere tinko defendatu zuen beti. Babbitten lanik ezagunenak dira: Ensembles for Synthesizer (1962-1964), sintetizadorez bakarrik jotzeko; Philomel (1964) sopranoek kantatu eta sintetizadorez jotzeko; Small Concert for Violin Orchestra and Synthesized Tape (1976) eta Ars combinatoria (1981). 1982an Pulitzer Fundazioaren aipamen berezia jaso zuen musikari eskainitako urteetako lanarengatik.
- babatsu
- babatu, baba, babatzen
- babatze
- babazuza
- Babbage, Charles
- Babbitt, Milton Byron
- Babel, Isaac
- Babel
- Baber
- Baber, Samuel
- babes