Azcárate Diz, Juan Manuel
Espainiar politikari eta idazlea (Madril, 1916 - Madril, 1998). Nazioen Elkarteko alboko idazkari nagusi izandako Pablo de Azcárate-ren semea. Genevan egin zituen lehen eta bigarren mailako ikasketak. 1934an, Madrilgo Unibertsitatean ikasten ari zela, Gazte Komunistak erakundean sartu zen. 1936an La Hora egunkariko zuzendari izendatu zuten, eta 1937tik Gerra Zibila amaitu zen arte Errepublikar Gudarosteean borrokatu zuen. Gerra amaitu zenean, Gaztedi Sozialista erakundea berrantolatzen eta El Diario de la Juventud argitaratzen hasi zen Parisen. Gero Mundo Nuevo eta Nuestra Bandera aldizkarietako idazle izan zen, eta hainbat libururen prestaketa lanetan lagundu zuen. 1976an Espainiara itzuli eta hurrengo urtean Espainiako Alderdi Komunistaren Leongo zerrenda buru izan zen Diputatuen Kongresurako hauteskundeetan, baina ez zuen hautatua izaterik lortu. Urte haietan Alderdi Komunistako Zuzendaritzako kide eta Nuestra Bandera aldizkariko zuzendari izan zen. 1982an bota egin zuten Alderdi Komunistatik eta Asociación para la Renovación de la Izquierda erakundean sartu zen. Urte hartan, Alderdi Komunistaren barruko azken urteetako gertaerak azaltzen zituen La crisis del Eurocomunismo (Eurokomunismoaren krisia) liburua argitaratu zuen. Geroztik Pueblo, El Periódico eta Diario-16 egunkarietan lan egin zuen, eta azken urteetan baita El País egunkarian ere. Egunkari honen argitaletxeak Azcárate-ren La izquierda europea (Europako ezkerra) argitaratu zuen 1986an, eta liburu horren alemanierazko itzulpena 1989an.
- azartze
- aza-tximeleta
- azau
- Azazeta
- azazkal
- Azcárate Diz, Juan Manuel
- Azcona Fernández, Rafael
- Azcona Mauleón, Jesús
- azefalia
- azefalismo
- azefalo