Ayala, Francisco
Espainiar idazlea (Granada, 1906). Berlinen osatu zituen ikasketak eta zuzenbide irakaslea izan zen Madrilgo unibertsitatean. Gerra bukatuz geroztik Buenos Airesen hartu zuen bizilekua, eta soziologia irakatsi zuen hango unibertsitatean. Hasieran Ortega y Gasseten eragina zuten eleberriak idatzi zituen: Tragicomedia de un hombre sin espíritu (1925), Historia de un amanecer (1926), Cazador en el alba (1930). Erbesteko obra guztiz bestelakoa da, ikuspegi moraletik giza arazo larriak aztertzen baititu. Los usurpadores (1949) liburuan bilduriko kontakizunak aginpideari buruzko gogoetak dira. Muertes de perro (1958) eta El fondo del vaso (1962) eleberri luzeetan idazkera mota anitz erabiltzen ditu diktadura eta ustelkeriaren gaia lantzerakoan. El jardín de las delicias (1971) eta El tiempo y yo (1978) kontakizun liburuak dira. Baditu saiakera eta kritika alorreko liburu batzuk: Tratado de sociología (1947), El escritor en la sociedad de masas (1955), Confrontaciones (1974), Cervantes y Quevedo (1976). Oroitzapen liburu zenbait argitaratuak ditu Recuerdos y olvidos izenburupean (1982, 1983). 1991. urtean Cervantes saria jaso zuen, eta 1998an Letretako Asturiasko Printzea saria.
- axuri
- axut
- Ay
- Ayacucho
- Ayacucho
- Ayala, Francisco
- Airakoa, Petri Lopitz
- Ayala-Aiara
- Ayastuy, Jaione
- Ayegui
- Ayer, Alfred Jules