Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ayacucho

Peruko hegoalde-erdialdeko hiria, izen bereko departamenduko hiriburua. 43.300 biztanle. Altuera: 2.761 m. Nekazaritza merkatua, ehungintza, unibertsitatea, artzapezpiku egoitza, aireportua.  v  Historia. Pizarrok sortu zuen 1539an (Hucimanga); kolonia garaietako eraikuntza erlijioso ugari ditu Ayacuchok. Bertan azpiratu zituen Sucre jeneralak Espainiaren gudarosteak (1824), eta lortu zuen Hego Amerikaren independentzia bermatuko zuen garaipena. Miseria latza duen lurralde pobrea da (analfabetismo eta langabezia maila handiak; osasun eta gizarte zerbitzu eskasia larria); 1981ean bertan hasi zen, hirian nahiz landan, Sendero Luminoso gerrillari talde maoistaren jarduna. Peruko gobernuak eta agintaritza militarrak konstituzio garantiak indarrik gabe utzi zituen arren, gerrillari talde horrek borroka armatua Peruko bazter guztietara hedatzea lortu zuen (1984, Lima hiriburua barne). Ondorengo zapalkuntza gogorra izan bada ere, Ayacuchon hasitako gerrila mugimendua ez da oraindik iraungi.