Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

auto(mobil)

iz. Motor batek eraginik dabilen ibilgailua, lau gurpilekoa eta lauren bat bidazti garraia ditzakeena. ik. oto.  v  Osagai edo atal bat baino gehiago ditu autoak; besteak beste: motorra, mugiarazten duen indarra ematen diona; indar eragile hori gurpiletara eramango duten atal mekanikoak; zoruko gorabeherek eta eragindako astinaldiak moteldu eta egonkor eta eroso bihurtzen duen suspentsioa; galgak, lastertasuna gutxitzeko edo autoa erabat gelditzeko erabiliak; gida sistema, gurpilak nora nahi den hara zuzentzen dituena; karrozeria, autoa estaltzen duena eta jendea nahiz gauzak barruan eramaten dituena; horiei denei gurpilen gainean doan txasi edo armazoiak eusten die. Autoa ibil dadin, hiru gauza dira beharrezkoak: 1) Abian jarri; horretarako, ukipen giltzari eragin behar dio gidariak eta, bildutako indarra libre geratu eta motorrera joan ondoren, lastergailua zapaldu eta gasolina pasako da karburagailura, han airearekin nahastu eta zilindroetan gertatutako leherketatxoen ondorioz motorra pizteko. 2) Motorraren indarra gurpiletara pasa; abiaraztekoari zapaldu eta abiadura kaxa mugituta, eta automatikoetan bere kasa, motorreko indarra gurpiletara joaten da eta mugitu egiten ditu. 3) Lastertasunari neurria hartu; behin abiatuz gero, eskuz eragin beharreko abiadura kaxa duenean, hura mugitu beharko du gidariak, lastergailuarekin egin ezin duen lastertasun aldaketa egin behar badu, eta aldaketa automatikoa duten autoetan, berriz, bere kasa gertatzen da hori bera. Gaur egun aldaketa eta aurrerapen ugari ari dira egiten etengabe autoetan, bai gurpil, gidagailu, frenu, motor, argi, eserleku eta abarretan, eta horrek hobekuntzak ekarri ditu, batez ere segurtasunari eta erosotasunari dagokionez. Aurreneko auto antzekoak (XVIII. m.) lurrinez mugitutako ibilgailuak ziren, baina XIX. mendera arte ez zuten asmatu eztanda motorra, eta 1895ean eman zioten lehenbiziko patentea gasolina auto modernoari, Estatu Batuetan. XX mendeak ordura arte egina osatu eta hobetu egin du eta egunetik egunera aurrera egiten ari dira bide horretan eta bide berriak urratzeko ahaleginetan.