Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Austria

(Izen ofiziala, Austriako Errepublika; Al. Österreich) Europa erdialdeko errepublika federala. Mugak: Suitza eta Liechtenstein, mendebaldean; Hungaria, ekialdean; Italia eta Eslovenia, hegoaldean; Alemania, ipar-mendebaldean, eta Txekia, ipar-ekialdean. 83.849 km2. 8.334.325 biztanle (2008, austriarrak). Hizkuntza: alemana, eta, eremu batzuetan, esloveniera, kroaziera eta hungariera. Erlijioak: % 68,5 katolikoak, % 5,7 protestanteak, % 4 musulmanak. Hiriburua: Viena. Bederatzi Bundesländer edo estatu federatuk osatzen dute Austria: Austria Beherea (Viena); Austria Garaia (Linz); Burgenland (Eisenstadt); Karintia (Klagenfurt); Salzburgo (Salzburgo), Estiria (Graz), Tirol (Innsbruck), Vorarlberg (Bregenz) eta Viena. Dirua: euroa. 1995. urteaz geroztik, Austria Europar Batasuneko kide da. ■ Biztanleak. Hiriburua da hiririk jendetsuena; herrialdeko biztanleen laurdena inguru bizi dira bertan, hango bizi mailak eta kultura eskaintzak erakarrita. Gainerako hiri nagusiak ez dira hain handiak.  Austriako biztanle gehienek alemana erabiltzen dute, hala ere, austriar hiritartasuna duten sei gizatalde txikik (1976. urteaz geroztik, kroaziarrak, hungariarrak, txekiarrak, esloveniarrak, eslovakiarrak, eta 1994tik aurrera, ijitoak), “talde etnikoaren” estatusa lortu zuten eta hainbat hizkuntza eskubide aitortu zizkieten; sektore batzuen arabera, eskubide horiek ez dira bete hainbat kasutan. Gaur egun, atzerritarrak dira biztanleen % 10 inguru. Munduko jaiotza tasa apalenetakoa du (1,4 haur emakumeko) eta heriotza tasa baino apalagoa; herrialdeak hazkunde negatiboa du, beraz. ■ Ekonomia. Lehen Mundu Gerraren ondoren, industria eskualderik gabe gelditu zen Austria. 1929ko krisiak, Alemaniaren batasunak eta Bigarren Mundu Gerrak areagotu baizik ez zuten egin egoera latz hori. Azken gerraren ondoren, oreka ekonomiko berria lortu zuten Austrian, Marshall plangintzatik abiatuta. Gaur egun, biztanleko barne produktu gordina munduko garaienetakoa da (28.000 dolarrekoa 1997an, munduko zortzigarrena). Inbertsioei eman zaien garrantziari esker (barne produktu gordinaren % 20-25), lortu da emaitza hori. 1946. urteaz geroztik, ekonomia jarduera nagusiak nazionalizatu egin ziren (petrolioa, merkataritza banku handienak, ibai eta aire garraio nagusiak, burdinbiderako gaien fabrikak, gas naturalaren ekoizpena, elektrizitatea, besteak beste), baina azken urteetan pribatizazioa bultzatu da. Austria eredutzat har daiteke ekonomia dinamikoa eta askotarikoa gauzatzen jakin duen estatu menditsua den aldetik. ■ Nekazaritza. Nekazaritzak eta basozaintzak barne produktu gordinari egiten dioten ekarpena (% 3 baino gutxiago) sektore horietan diharduen langile kopurua baino txikiagoa da, nekazari asko jarduera batean baino gehiagotan aritzen baita, mendialdean batez ere; inguru horietan turismoa, eskulangintza eta industria jarduera osagarriak baitira. Austriaren orografia egokia ez bada ere nekazaritzarako, produkzioa askotarikoa izatea lortu da: garia, garagarra, oloa, artoa, azukre erremolatxa. Mahastiak eta fruitu arbolak ordokietan landatzen dira. Belardi eta larreak ugari dira (eremuaren % 28). Behi aziendak garrantzi handia du: Austria esne, gazta eta gurin ekoizle handia da. Fruituak, barazkiak eta, batez ere, olioak, ordea, inportatu egin behar dira. ■ Industria. Biztanle aktiboen % 47 industrian ari da lanean. Bertako lehengaietan eta energian oinarritzen da industria (burdina, kobrea, beruna, grafitoa; kaolina, talkoa eta magnesita). 1990. urtea arte Austriako industriak gorakada izugarria izan zuen: bertako baliabideak ekoizteko malgutasuna izan da gorakada horren arrazoi nagusia. Horrez gainera, esku lanaren maila hartu behar da kontuan. Hala, enpresa txikiez eta erdi mailakoez osatutako industria sare bat eratu da. Bestalde, Austriak emaitza ezinhobeak izan ditu ingeniaritzaren alorrean. Industria sektore nagusia eraikuntza metalikoek, mekanikoek eta elektrikoek osatua da; horren atzetik daude janari industria, kimika, ehungintza, beirak eta portzelana. Austrian debekatuta dago energia nuklearra ekoiztea (1978ko erreferenduma), eta energia balantza defizitarioa da, nahiz eta ahalegin handiak egin diren hidroelektrizitatearen alde: 1.300 zentral hidraulikok energia elektrikoaren % 60 sortzen dute. ■ Turismoa. Turismoak garrantzi handia du hirugarren sektorean, mendiari eta mendiaren inguruko kirolei atera zaien etekinari esker. Horrez gainera, aipatzekoa da Austriak duen arkitektura ondarea. 1996an Austrian 17 milioi turista inguru izan ziren, batez beste 2 turista biztanleko. ■ Historia. Historiaurretik bertatik ezagutzen dira biztanleak Austrian; Hallstatt zibilizazioa K.a. 1000-450 bitartean garatu zen bertan. K.a. IV. mendetik aurrera zeltarren inbasioek hartu zuten beren mende eta, K.a. I. mendean, erromatarrek Raetia, Noricum eta Pannonia probintziak eratu zituzten bertan, eta garrantzi handiko hiriak sortu: Vindobona (Viena), Lentia (Linz) eta Claudia (Klagenfurt). Danubio ibaia merkatari bide garrantzitsua bihurtu zen. III. eta VI. mendeen artean inbasio berriak izan ziren: bandaloak, godoak, hunoak, alamanak. VII. mendean abaroen inperioaren mende geratu zen. Abaroak menderatu ondoan, Karlomagnok Ostmark (Ekialdeko marka) osatu zuen bertan (IX. mendearen hasiera). Hungariar inbasoreak ohildu ondoren, Babenberg etxeak hartu zuen marka 976. urtean 1246ra arte hari eutsiz. Osterreich izena («Ekialdeko erresuma») Othon III.a enperadore germaniarrak (983-1002) sinaturiko dokumentu batean agertu zen lehenengo aldiz.  v  Austriako dukerria (XII-XV. m.). 1156. urtean, Heindrich II.a Babenberg-ekoak marka dukerri bihurtzea lortu zuen Friedrich I.a enperadorearengandik, Viena hiriburu bihurtuz. Bohemiaren esku egon ondoan, Habsburgoko etxeak hartu zuen Austria (1273) eta handik aurrera zabalkunde azkarra izan zuen Austriako inperioak. Habsburgotarrak 1438tik 1806ra arte izan ziren Inperio Santuko enperadoreak eta Bohemia nahiz Hungariako erregeak (1526-1918). Ezkontzen bidez, jabegoak izugarri handitu ziren, Austriako etxea Espainia eta Herbehereetako nagusi ere izan zelarik. 1522an, Karlos V.a Espainiako erregeak Austria utzi zion bere anaiari, 1526an Bohemia eta Hungariako errege eta, 1558an, geroago Inperio Santuko enperadore izan zenari. Austriako etxea Erreformaren etsai izan zen beti, eta Frantziaren aurkari, hiru mendean zehar. Napoleonen gerren ondorioz, Franz II.ak utzi egin behar izan zuen Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore titulua. Napoleonek kendutako lurraldeak berriz ere eskuratu zituen Austriako koroak Vienako Kongresuan (1814-1815). Lurralde hauek osatzen zuten inperioa: Austria, Bohemia, Hungaria, Galitzia, Ipar Italia, Kroazia, Eslovenia. Horrez gainera, enperadorea Germaniako Konfederazioaren lehendakaria zen. 1848tik aurrera, mugimendu abertzale eta liberalak altxatu ziren Austriako inperioaren aurka. 1859an Lonbardia galdu zuen. 1866an, Prusiaren aurka Sadowako Gudua galdu ondoren, Austriak utzi behar izan zituen Alemania eta Italia. 1867an, Hungariarekiko negoziazioek bi estatu batu zituen monarkia bikoitza ekarri zuten: Franz Josef I.a enperadore (1848-1916) bakarraren agintepeko inperio austriar-hungariarra (Zisleithania, Austria, eta Transleithania, Hungaria). Hainbat nazionalitetako abertzaleek iraunarazi ez ezik, handitu ere nahi izan zuten inperioaren aurka eraman zuten borrokek inperioaren suntsipena ekarri zuten. Egoera horretan, 1908an Austriak Bosnia eta Herzegovina hartu zituen mendeko. Egoera guztiz nahasian, Sarajevoko atentatuaren ondorioz (Franz-Ferdinand artxidukea, koroaren oinordekoa, eta emaztea hilak, 1914ko ekainaren 28an), Austriak Serbiari gerra aldarrikatu eta Lehen Mundu Gerra hasi zen. Gerra honen ondoren inperioa zatikatu zen eta Austria egun ezagutzen den estatu txikia izan zen aurrerantzean. 1918ko azaroaren 12an, Austria errepublika bihurtu zen. Alemaniako nazien alderdia aginpidera heldu orduko, Alemaniak anexionatzeko arriskuan egon zen Austria: 1938ko martxoaren 15ean, Austria bereganatu zuen ofizialki Alemaniak, aldi berean inbaditzen zuela (Anschluss). Ostmark izenez, Austria Reich-eko probintzia bat baizik ez zen. Horren aurka ezkutuko langile erakundeak eta hainbat talde katoliko baizik ez ziren azaldu. Alemaniaren zori berberean, sobietarren gudarosteak eta mendebaldekoak sartu ziren Austrian 1945ean. Lehenengo errepublikan ez bezala, Austriako bigarren errepublikak herriaren sostengua jaso zuen hasieratik, nahiz 1955era arte (NBEko partaide) nazioarteko erabateko onespena izan ez zuen.  v  Azken urteak. Gerra hotzaren garaian eta ondokoetan, neutral egon da beti Austria. 1971-1983 bitartean sozialistak egon ziren gobernuan, eta Austria berdintasunaren eredu bihurtzen saiatu ziren. Baina Biltzarrean zuten gehiengo absolutua galdu zutenean, koalizio bat osatu zuten liberalekin (1983). Koalizio hori, ordea, hautsi egin zen liberalek eskuinerantz egin zutenean. Austriarrak gobernuaren eta sozialisten kontra azaldu ziren administrazio arazoak, sektore publikoan izan ziren langileen kaleratzeak eta pribatizazioak zirela-eta. 1986ko lehendakaritzarako hauteskundeak alderdi popularreko Kurt Waldheim-ek irabazi zituen, nahiz eta kontrako jarrerak sortu ziren Bigarren Mundu Gerran alemaniar gudarostean egin zituen lanengatik. Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren, Sinowatz kantzilerrak dimititu eta Franz Vranitzky sozialistak hartu zuen kargua, eta koalizio bat osatu zuen Alderdi Popularrarekin. Gobernuak aurre egin behar izan zien sektore publikoaren pribatizazioei, aurrekontuen defizitari eta Waldheimen hautaketa zela-eta nazioartean sortu zen kezkari. Koalizioak aurrera jarraitu zuen 1990eko hauteskundeen ondoren (Alderdi Popularrak 17 aulki galdu zituen). Hala ere, 1992an Thomas Klestil Alderdi Popularreko hautagaia hautatu zuten lehendakari. 1991n Karintiako probintziako gobernadore zen Jörg Haider –alderdi liberal ultranazionalistako buru (FPÖ)– bere kargutik kendu zuten Hirugarren Reich-aren enplegu politika goresteagatik. Baina 1992ko udal hauteskundeetan botoen % 22,6 lortu zuen, eta bigarren alderdia izan zen Vienan. 1994an austriarrak erreferendum baten bidez erabaki zuten Europar Batasunean sartzea. Urte horretako hauteskundeetan Haider-en alderdiak botoen % 23 lortu zuen, eta Alderdi Sozialistak, berriz, 7 puntu galdu zituen. 1994. urtean Austrian bizi ziren atzerritarren kopurua 300.000ra iritsi zen, eta garai horretan hasi ziren etorkinen kontrako ekintza terroristak. 1995ean Alderdi Sozialistaren eta kontserbadoreen arteko hitzarmena eten egin zen, eta Vranitsky-k hauteskunde berriak antolatu zituen; Alderdi Sozialistak % 38 lortu zuen, Alderdi Popularrak % 28 eta Haider-ek % 22. Hura izan zen Haider-en lehenengo beheraldia. 1996. urtearen lehenengo erdialdean langabezia % 4,4ra iritsi zen eta 1600 konpainiak kiebra jo zuten; sindikatuen federazioak lanaldia 35 ordura jaistea eskatu zuen. Egoera horrek atsekabea eragin zuen, eta aldi berean, talde ultranazionalistak ugari sortu ziren. 1996an Askatasunaren Elkartasunak, lehen FPÖ zenak, berdindu zituen lehenengo aldiz sozialisten emaitzak Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan; eskualdeko hauteskundeetan Askatasunaren Elkartasunak 7 aulki irabazi zituen. 1997an Franz Vranitzky kantzilerrak dimisioa aurkeztu zuen, eta Viktor Klima, Alderdi Sozialistakoa, izan zuen ondorengoa (SPÖ). 1999ko Legebiltzarreko hauteskundeetan, biziki sendotu zen Jörg Haider-en FPÖ alderdi eskuinzalea; gobernuko koalizioko bi alderdiek, berriz, sozialistak eta popularrak, atzera egin zuten. Hala, SPÖ bihurtu zen hurrengo koalizioaren ardatz; eztabaida askoren ondoren, Alderdi Popularreko presidente W. Schüssel-ek 2000ko otsailaren 3an koalizio hitzarmen bat izenpetu zuen. Azkenean, Errepublikako presidente Klestilek gobernu berria osatu zuen: gobernuburua Schüssel zen eta gobernuburuordea FPÖko Susanne Riess-Passer. Europar Batasuneko gainerako gobernuak egoera horren kontra jarri ziren, eta zigor ekonomikoak jarri zituzten abian; izan ere, FPÖ alderdiaren iragan politikoa (Alderdi Nazional-Sozialistako kide ohiek sortua) eta azkenaldiko kanpaina xenofoboak eta “eurofobia”, izan ziren erabaki horren sorburuak. Hilabete batzuk geroago, eta EBk bidalitako zenbait adituren txostenak kontuan izanik, badirudi egoera ez zela hain larria, eta 2000ko irailean kendu egin ziren zigorrak. ■ 2006ko hauteskunde orokorretan sozialdemokratek lortu zuten garaipena. 2007an, Alerdi Popularrak eta Alderdi Sozialdemokratak koalizio handi bat osatu zuten, Alfred Gusenbauer kantziler zela. 2008ko hauteskundeetan, bi alderdi nagusiek indarra galdu zuten baina gehiengoari eutsi zioten elkarrekin, sozialdemokratak nagusi zirela. Edonola ere, Askatasunaren Elkartasunak eta FPOko kideek 2005ean sorturiko Austriaren Etorkizunerako Elkartasuna eskuineko alderdiak indar hartzen ari dira.
http://www.austria.gv.at/