Aulenti, Gae
Italiar arkitektoa eta diseinatzailea (Palazzolo della Stella, 1927). 1954. urtean lortu zuen arkitekturako diploma. Gio Ponti izan zuen irakasle eta sustatzaile. 1964an Milango Hiru Urtekoan arrakasta izugarria izan zuen eta sari nagusia eman zioten. 1967. urtetik aurrera italiar diseinatzaileen Elkarteko kide egin zen, eta handik hamar urtera estatubatuarren elkarteko kide izateko eskatu zioten. Bien bitartean, Gae Aulentiren arkitektura lanak Italian, Estatu Batuetan eta Frantzian ikus zitezkeen. Aulenti eguneroko bizitzako maila guztietan aritu zen, hasi etxeetatik eta komuneko osagaietaraino. 1960ko diseinatzaile guztiek izan zuten haren eragina. 1970ean Prisunic denda katearekin bat egin zuen eta altzariak diseinatzen aritu zen. 1980an Orsay museoaren barrualdea dekoratzeko enkargua izan zuen. Horrez gainera, Georges Pompidou Zentroko arte modernoko museo nazionala berregituratu zuen. 1984an Fiat etxeak Grassi jauregia erosi zuen, bertan kultura, arte eta zientzia jardueren institutua jartzeko asmoz, eta Gae Aulentik bi urte eman zituen lan horretan. Hainbat erakusketatako eszenografia egin zuen, hala nola Louvre museoko Euphronios, peintre à Athènes (Euphronios, margolari Atenasen) erakusketa 1990ean, eta Grassi jauregian 1991n. Zeltak eta Greziarrak Mendebaldean antolatu zituen 1996an. 1996an Ideal-Standard italiar etxerako komunerako osagarriak diseinatu zituen. Gae Aulentik, berrogeita hamar urtean, eraikin barruko espazioen maila guztiak landu ditu.
- auki
- aukuba
- aulakodo
- aulakomnio
- aulastoma
- Aulenti, Gae
- Aulesti
- Aulestia, Gotzon
- aulki
- aulkigin
- Aulnoy Kondesa