Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Augusto

(Lat. Caius Julius Caesar Octavianus Augustus) Erromako enperadorea (Erroma, K.a. 63 - Nola, K.o. 14). Enperadore K.a. 27. urtetik K.o. 14. urtera arte izan zen. Zesarren iloba txikia (K.a. 45. urtean semetzat hartu zuen), Oktavio eta Oktaviano izenez ere deitzen zioten gaztetan. Zesar hil ondoan, bera izendatu zuten ondorengo, Marko Antonioren etsaigoa piztuz. Halaz ere, Antonio Modenako Guduan garaituagatik ere (K.a. 43), bigarren aginte hirukoitza osatu zuen Lepidorekin eta Antoniorekin (K.a. 43). Elkarrekin, oposizio errepublikarra deuseztatu (Bruto eta Casioren gaineko garaipena, K.a. 42) eta mundu erromatarra banatu zuten hiruron artean: Octaviok mendebaldea, Lepidok Afrika eta Antoniok ekialdea. Antonio eta Oktavia Augustoren arrebaren arteko ezkontzak bermatu zuen bakea. K.a. 33ra bitartean nolabaiteko bake giroan bizi izan ziren; hala ere, Octavio, Agripa jeneralaren laguntzaz, Sexto Ponpeio Sizilian menderatu (K.a. 36) eta Lepidoren Afrikako lurraldeez jabetu zen, Marko Antonio ekialdeko lurraldeak Kleopatrari uzten ari zitzaizkion bitartean. Metropoliko nagusi, Augustok Kleopatraren aurkako gerrara deitu eta Actium-go itsas guduan menderatu zuen (K.a. 31), mundu erromatarraren jaun eta jabe bihurtuz: imperator (buruzagi militar nagusi), K.a. 38an; princeps senatus (senatu buru), K.a. 28an; augustus (enperadoreei eratxikiriko jainko izaera), K.a. 27an. Erromako konstituzioa hainbestean bihurrikatu gabe, enperadoreen ordena ezarri zuen errepublikaren ordez. Inperioak oinarritzat hartzen zuen egitura ahula zen, ordea: heriotza bitartean oso arduraturik izan zuen Augusto bere ondorenaren arazoak. Julia alaba bakarra ondorengo ikusi zuen Martzelorekin ezkonarazi zuen, baina bide hori bazterturik, Agripa jeneral leialarengan eta beronen seme gazteengan ezarri zituen begiak. Agripa hilik (K.a. 12), Tiberio suhia aukeratu zuen, azkenik, Germaniko, bere biloba, semetzat harrarazi ondoan. Barne politikan, Augustok senatu-probintziatan eta inperio-probintziatan banatu zuen inperioa. Horrez gainera, erlijio ohiturak berpiztu zituen eta pontifex gorena bilakatu zen, bere buruaren aldeko gurtza bazter guztietara zabalduz. Kanpoaldean, konkistak bideratu baino gehiago, inperioko mugak sendotu zituen (Hispaniako iparraldeko erabateko konkista haren garaian burutu zen). Ekialdean, inperio partiarren eta erromatarren arteko muga finkatu zuen; ipar-ekialdean, Danubio ibaian finkatu zituen mugak eta, Germania bereganatu ezinik, Rhin ibaiaren eskuinaldean finkatu behar izan zituen iparraldekoak. Agripa eta Mezenaren laguntzaz, arteak (Augustoren etxea, termak eta Panteon) eta letrak (Virgilio, Horazio, Tibulo, Ovidio) bultzatu zituen. Augustoren erreinaldia klasizismo erromatarrak izan duen urrezko aroa da.