Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Augsburgo

Alemaniako hiria (Bavaria), Suabiako hiriburua. 246.000 biztanle (1984). Eredu gotikoari jarraituz berritu zen katedral erromanikoa (923 -1430). Fugger familiaren hilobiak gordetzen dituen eliza gotikoa (Sankt-Anna). Ulrich eta Georg Fugger bankariek behartsuentzat eraiki zuten langile auzoa (Fuggerei, 53 etxe sei karriketan banatuak).  v  Augsburgo hego Alemaniako industriagune garrantzitsuenetakoa da: ehungintza, industria mekanikoa (ibilgailuak, doitasun ekaiak) eta kimikoa.  v  Bertolt Brecht-en, Fugger familiaren, Holbein gaztearen, Leopold Mozarten eta Holbein zaharraren jaioterria da.  v  Historia. Erromatarrek fundatua (Augusta Vindelicorum), Augsburgo Suabiako hiriburu historikoa da. XV. mendetik aurrera banka eta merkatugune guztiz garrantzitsua bihurtu zen Fugger eta Welser familiei esker. Erreforma garaian, berebiziko garrantzia hartu zuen hiriak (Augsburgoko Aitorpena, 1530, Luteroren jarraitzaileek Karlos V.ari aurkeztu zioten fede aitorpena; Augsburgoko Interim-a, 1548, Karlos V.ak Trentora bitartean protestante eta katolikoei eskatu zien luzapena [interim, bitartean]; Augsburgoko Bakea, 1555: cuius regio eius religio formularen arabera banatu zen Inperioa Luteroren jarraitzaileen eta katolikoen artean). 1806. urtean, Bavariak bereganatu zuen Augsburgo hiria.