Atxaga, Bernardo
(Jaiotza izena, Jose Irazu Garmendia) Gipuzkoar idazlea (Asteasu, 1951). Egungo euskal idazlerik ospetsu eta irakurriena da Jose Irazu Garmendia, literatura munduan Bernardo Atxaga izenaz ezagutzen dena. Ekonomia ikasketak eginda, literaturarako joera berezia erakutsi zuen gaztetatik. Literatura genero guztiak, hitzaldiak eta irrati-eleberriak barne, landu dituen idazlea, kontakizunek eman diote, batez ere, egun duen ospea. 1972an Borobila eta puntua antzerki lan labur esperimentala argitara eman zuenetik (Lur, 1972ko antologia) idazle oparoa izan da: literatura aldizkariak («Ustela» aldizkariak, Donostia: Panpina Ustela, Zorion Ustela, Mermelada Ustela, Koldo Izagirrerekin batera, 1974-1976; «Pott» aldizkaria, Bilbo, 1978), Ziutateaz liburua (1976), Etiopia poema liburua (1977), haur ipuinak, Nikolasaren abenturak; Ramuntxo detektibea (1980), telebistarako gidoiak, Flannery eta bere Astakiloak (1983). Hasiera bateko lan esperimentaletatik urrunduta, Atxagak azken urteetan idatziriko kontakizun lanari herri literatura eta, hizkuntzaren aldetik, euskal tradizio literarioaren kutsu nabaria dario. «Etxeratze» honen fruitu dira 80. hamarkadako kontakizun gehienak (Camilo Lizardi erretore etxean aurkitutako gutunaren azalpena, 1981; Sugeak txoriari begiratzen dionean, 1983; Post tenebras spero lucem, 1983; Bi Anai, nobela, 1984; Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian, 1985). 1988. urtean Obabakoak (Obaba, idazlearen bizitzako gertaerak biltzen diren irudizko mundua) izenburuko liburua eman zuen argitara, ordura arteko kontakizun nagusiak egitura baten barnean biltzen dituena. 1988ko Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi zuen hainbat hizkuntzatara itzuli den liburu horrek. 1991n argitara eman zuen Behi euskaldun baten memoriak liburuak urte batzuk lehenago Obabakoak lanak eman zion arrakasta bidean jarri zuen berriro ere idazle asteasuarra eta, haren kasuan bezala, hizkuntza askotara itzuli da liburu hori. Ondoren Gizona bere bakardadean (1993), Kritika saria jasotako lana, eta Zeru horiek (1995) eleberriak argitaratu zituen, besteak beste, eta horiek ere hizkuntza askotara izan dira itzuliak. Azken urteetan, 1995ean sortutako Xola eta 1998an sortu zuen Banbulo pertsonaien inguruan osatzen hasi den sailen bidez, haur eta gazte literatura asko landu du, Mikel Valverde ilustratzailarekin lankidetzan. Sara izeneko gizona nobela laburra argitaratu zuen 1996an, eta ikuskizun literarioetarako testuak sortzen ere jarraitu du 1994ko Lezio berri bat ostrukari buruz edo eta Groenlandiako lekzioak (1998) lanen bidez. Generoen esparru itxietara mugatu gabe, hainbat alfabeto ere prestatu ditu azken aldian, horien artean haur literaturari buruzkoa. Poesiari dagokionez, 1990an Poemas&Híbridos argitaratu zuen eta 1996an Nueva Etiopía: Canciones, conversaciones y poemas lana kaleratu zuen. Bizpahiru eleberri gehiago idatzi eta Bernardo Atxaga bertan behera uzteko asmoa duela ere adierazi du Jose Irazuk azken aldian. 2000. urtean Pamiela argitaletxearen Phonogauzak sailaren barruan zabaldu zen Bernardo Atxaga. Hitz beste eginez CDa. Disko horretan 1998ko udazkenetik 1999ko uda hasiera arte Donostiako Herri Irratian irakurtzen zituen testu laburrak biltzen ziren. 2003an, Soinujolearen semea eleberria argitaratu zuen, eta 2005ean bere gogoeta politiko eta literarioen bilduma bat, Lekuak izenburupean. Espainiako Literatura Sari Nazionalaz gainera, Euskadi saria, Kritikaren saria eta Prix Millepages saria ere jaso ditu. Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen 1996an.